Aurten beltz koloreko zebrak margotu dituzte lurrean ibilbidea markatzeko. Euren buruek markatzen dute martxaren norabidea. Ibilaldia mapan gorriz markatutako kaleetatik pasatuko da. Leioako goiko auzoak zeharkatuko dituzte aurten: Aldekoena, Artatzagane, San Bartolome… Elexaldera itzuli aurretik, udaletxe aldamenean amaitzeko. Ibilaldi honek ez du lasterketa izan gura, paseatzeko plazerrean murgildu baizik. Espaloietatik eta zebra bideetatik egingo dute aukera dagoen heinean, "eta posible ez denean mesedez laguntza eskatu". Ezer gutxi behar da ibilbidea egiteko: oinetako erosoak, kapela (edo aterkia euria egitekotan), ur botilatxoa eta axota bat.
"Ibilaldi hau zure auzokoak ezagutzeko aukera da, txikienak eta nagusienak ere; haiekaz esperientziak, istorioak eta grinak partekatzeko; gero egunerokoan elkar ezagutzeko; elkar laguntzeko… Ez alperrik galdu aukera hau, helmugara lehenago iristeagatik. Har ezazu patxadaz: lagundu eta lagunduta sentitu zaitez", adierazi dute Herriguneko arduradunek
Guneak
Oinezkoek "Atseden guneetan" (A) eta "Topagunean" (T) hartu behar dituzte paseak. Aurten San Bartolome baselizan kokatuko den topagunean indarrak berreskuratzeko geldialdi luzexeagoa egingo dute, eta bertan Leioako Merkatariek oparitutako fruta jan ahal izango da.
Bestalde, sarreran hartu ahal izango diren iradokizun-orrietan iritzi, proposamen eta ideiak idazteko aukera egongo da. Ibilbidean zehar bete daitezke eta zinegotziek eramango dituzten "zinegotxiletan" sartu, gero Udalera bideratzeko. "Helmugan topatuko dituzue iazko Oinezkoen Pausura Ibilaldian jasotako iradokizunei emandako erantzunak", aipatu dute antolatzaileek.
Twitter-en mezuak idatzi edo argazkiak eskegi gura izanez gero, #leioaoin traola erabil daiteke.