"Berbaldun: euskaraz egin dezagun" egitasmoak Leioan euskararen erabilera suspertzea du helburu. "Euskaldunak garenok zeregin garrantzitsua daukagu ikasten ari direnei laguntzen ikastetxean edo euskaltegian ikasi dutena kalean, naturaltasunez erabiltzeko lotsa eta beldurra gaindi dezaten", uste dute arduradunek. 2014-2015 ikasturtean 58 lagunek eman zuten izena berba-taldeetan parte hartzeko. Erdia baino gehiago emakumezkoak ziren (%62) eta 30-40 urte bitartekoak (%39). Euskara mailari dagokionez, euskaldunak %19 ziren; gehienak euskara ikasten zebiltzan. Horiek denak zazpi berba-taldetan elkartu ziren, partaideen kopuruan gorabeherak egon baziren ere.
Berba-taldeez gainera, bestelako ekintzak ere antolatu zituzten: EITB ezagutzeko bisita, mendi-irteerak Muñarrikolandara eta Supelegorrera, "Euskararen jatorriaz" eta "Bizkaiaren jatorriaz" berbaldiak, ibilbide toponimikoa Leioan zehar eta Berbodromoa.
"2015-2016 ikasturtean egitasmoa sendotu gura dugu, batez ere gazteen eta euskaldunen parte hartze handiagoa lortu, talde kopurua handitu, ekintza gehiago eskaini … Azken batean euskaldunen eta euskara ikasten ari direnen arteko harremanak handitu", adierazi dute Berbaldun egitasmotik.