Urdinak lau puntuz hornituta datoz, Igor Gordobilen mutilek baino bat gehiago, Barakaldori irabazi, Guadalajararen aurka berdindu eta Fuenlabradan, Gernikan eta Portugaleten galdu ondoren. Bost gol egin dituzte eta bederatzi sartu dizkiete.
Leioak, ostera, bere dinamika txarrari amaiera eman gura dio, lehen jardunaldian Amorebietari irabazi eta lau porrot jarraian pairatu ostean. Socuellamosen aurkako azken norgehiagokan emandako irudiak hobera egin zuen, "eta horrek esan gura du bolada txarra amaitzear dagoela", Sarrienatik ohartarazi dutenez.
Madrilgo taldeko Juan Hernandez ezker erdilariak esan duenaren arabera, Sarrienan “oso joko zuzen eta sendoa" espero du, zonalde hartako taldeen antzera”.
Minduta daudenen bajak aparte utzirik, azken jardunaldian talde biei jokalari bana kanporatu diete: Eric Curbelo kanariarrak eta Tomas Rukas errusiarrak ezin izango dute jokatu txartel gorri horiengatik.