Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak antolatzen dute ArgIHIzkiak, Uribe Kostako hainbat udalegaz (Leioa, Berango, Getxo; eta Makomunitatea) eta zenbait elkartegaz (Berbots, Bizarra Lepoan, Aitxu!, Leioako berbalagunak) elkarlanean. Laugarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi zituzten eskualdeko (edo bertan bizi diren) hamar argazkilari profesionalak edo zaletuak hauek izan dira: David Herranz Esteban, Marisol Ramirez Fernandez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo Larrañaga, Patricia Merino, Ivan Viña Alvarez, Sonia Aoujil, Nerea Falagan Martin, Marta Iraurgi Mendoza eta Itsaso Bartolome Yarza.
Hala, apiril-maiatzean egon zen hamar irudi horietan oinarritutako testu laburrak aurkezteko aukera; eta orain emaitza ikusarazteko ordua heldu da.
Aurten inoiz baino testu (224) eta parte-hartzaile (184) gehiago egon da; denera, 31 herritakoak. Uribe Kostatik 166 testu jaso dira, eta 138 parte-hartzaile uribekostarrak izan dira. Aipamen berezia merezi dute Uribe Kosta BHIko ikasleek; izan ere, Plentziako institutuko 100 lagunek 108 testu helarazi dituzte, institutuan bertan barne-lehiaketa antolatzeaz gainera.
ArgIHIzkiak literatura-ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.
Inaugurazioa eta sari-banaketa
Leioa
Urriaren 1ean, 19:00etan, Kultur Leioan
Erakusketak
Leioa
Urriaren 1etik 18ra
Kultur Leioako erakusketa-aretoan
Astegunetan: 10:00 - 20:00
Jaiegunetan: 11:00 - 14:00 eta 17:00-20:00
Getxo
Azaroaren 16tik abenduaren 13ra
Villamonteko kultur etxean (Algorta)
Berango
Abenduaren 15etik urtarrilaren 10era
Berangoeta kultur etxean