"Refugiee Poetique" ikuskizunagaz abiatuko dute etzi Kultur Leioako udagoiena

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 30a, 15:37

Claire Ducreux sortzaile eta aktorearen "Refugiee Poetique" dantza eta antzerki-ikuskizuna. © KULTUR LEIOA

Bariku honetan, urriak 2, Kultur Leioaren udagoieneko programazioaren lehenengo ikuskizuna egingo dute. Claire Ducreux sortzaile eta aktoreak "Refugiee Poetique" dantza eta antzerki-ikuskizuna eskainiko du, 20:30etik aurrera. Sarrera 12 euroan egongo da (Kultur Leioako bazkideek doan).

Kalean bizi den eskale bat haragiztatuko du Claire Ducreux dantzari frantsesak, "Refugiee Poetique" lanean. Munduari zentzua eta edertasuna itzultzeagaz amets egiten du eskaleak. Pertsonaia horrek, ahula denaren metaforak, erronka artistiko eta gizatiar horretara daroa Ducreux.

Udagoieneko eskaintza

Kultur Leioak 20 ikuskizun eskainiko ditu udagoien honetan: helduei begirako antzerki bi, hiru dantza proposamen, eta Musika Arimarekin zein Musika Gertu zikloetako sei kontzertu; umeei zuzendutako antzerki-ikuskizun bi, eta familiako kide denentzako zazpi saio. Horiez gainera, erakusketak, zinema, lehiaketak eta abar eg0ngo dira; Aterpe Leioa Gazteguneko, liburutegiko eta auzoetako aretoetako jarduerak ahaztu barik. "Bertoko eta nazioarteko artista garrantzitsuen emanaldiak eskainiko ditugu Kultur Leioan. Gure udalerriko mugak gaindituko dituen luxuzko egitaraua, kultura maite dutenen erreferente bilakatuta", adierazi zuen aurkezpenean Esti Bilbao Kultura zinegotziak.

Euskarazko emanaldiei dagokienez, azaroaren 20an, Jon Gerediagak idatzi eta Ander Lipusek zuzendutako Etxekoak antzezlana eskainiko du Huts Teatroa-Artedrama konpainiak. Horrez gainera, abenduaren 26tik 30era, bueltan egongo da umeentzako Gabonetan Antzerkira zikloa. Bestalde, Topagunearen Udagoieneko Ostera egitasmoaren barruan, azaroaren 27an, Silex bere azken lana oholtzaratuko du Oreka TX taldeak.

Bestalde, sarreretan ohiko beherapenak eta gonbidapenak edukiko dituzte Kultur Leioako bazkideek. Urriaren 2ko "Refugiee Poetique" ikuskizuna doan izango dute.

Urriko egitaraua

Urriak 2, barikua

20:30 Claire Ducreux-en (Frantzia) "Refugiee Poetique" dantza-ikuskizuna. Sarrera: 12 euro.

Urriak 9, barikua

21:00 Antonio Zambujo (Portugal) musikariaren kontzertua. Sarrera: 15 euro.

Urriak 16, barikua

22:00 The Two (Suitza) musika-taldearen kontzertua. Sarrera: 10 euro.

Urriak 18, domeka

18:00 Thomas Noone Dance taldearen "Alicia" familia-ikuskizuna. Sarrera: 5 euro.

Urriak 23, barikua

20:30 Sol Pico-ren (Katalunia) "One hit wonders" dantza-ikuskizuna. Sarrera: 12 euro.

Urriak 30, barikua

21:00 Mastretta (Madril) musika-taldearen kontzertua. Sarrera: 15 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun