2013ko urtarrilean eman zuen auzia ezagutzera mutikoaren aitak, semeak ustez jasandako abusua hainbat komunikabidetan salatuz, ikastetxeak salaketei erantzun egokia eman ez zielakoan. Horren berbetan, Gazteluetako irakasleetako batek sexu-abusuak egin zizkion mutikoari, hasieran 12 urte zituela, 2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan. 2011n eduki zuten gurasoek horren berri, gazteak ikastetxera joateari uko egin zionean. Hala ere, familiak salaketarik ez jartzea erabaki zuen, adingabea erabat abailduta zegoenez (tratamendu psikiatrikoa jasotzen omen dabil oraindik) auzia jasateko moduan ez zegoelako.
Encarna Garcia Eskola Jazarpenaren aurkako Elkarteko (ACAE) presidentearen berbetan, "umearen gurasoek gertatutakoa kontatu zutenean, irakasleek eta ikasleek jazarpena egin zioten umeari, eta, ondorioz, ikastetxetik atera behar izan zuten, eta auzia Hezkuntza Sailburuan salatu zuten".
Imanol Goyarrola Gazteluetako zuzendaria ustez, ordea, daborduko zentroan irakasle lanetan ez dabilen pertsona horren errugabetasun presuntzioari buruz "zuhurtziaz" jokatu dute. "Bestalde, pertsona horrek beti kolaboratu izan du agintariakaz; baita erabat faltsutzat jotzen dituen akusazioetatik tribunaletan defendatzeko nahia agertu ere", gaineratu duenez.
EAEko Fiskaltza Nagusira ere heldu zen auzia eta horrek ikerketa abiatu zuen, baina artxibatu egin behar izan zuen, "ikerketan aurrera egiteko modurik ez" zegoela ikusita. Mutikoak adinez nagusia denean, ostera, familiak kereila aurkeztu du Getxoko epaitegi batean, eta aita santuak bidali zien gutuna atxiki du bertan.
Epaiketa kanonikoa
2014 abenduan mutikoaren sendiari bidalitako gutunean aita santuak aipatzen zuenez, "gaur bertan bidaliko dut auziaren dokumentazioa Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak irakaslearen eta ikastetxearen kontrako epaiketa kanonikoa egiteko ikerketa abia dezan, baina umeari enbarazu egin gabe". Gazteluetako zuzendariak, ordea, horren berri ez daukala adierazi du gaur: Hala ere, "aita santuarengandik datorren dena oso ondo hartua" izango dela gaineratu du.