Aurten, leioaztarrek sei jokalari garrantzitsu barik lehiatu beharko dute. Belaunaldi aldaketaren eraginez, batez besteko adina 20 urtekoa da: "gazteak dira, oso gazteak, baina ziur nago neska horiek ezusteko asko emango dituztela", dio Jon Lopez entrenatzaileak. Bere ustez, "agian eskarmentua falta zaigu, baina jokalariak bat eginda daude, eta inoiz baino hobeto dabiltza lanean. Gainera, waterpolorako grina dute. Kapitainak dioenez, ‘sekretua gogoan dago’, eta taldean gogo handia dago".
Lopezek azaldu duenez, Leioa Waterpolok markatu duen helburua mailari eustea da, hamar taldeetatik bik Bigarren Mailara jaitsi beharko baitute. Baina lehenengo erronka eskarmentu txikiko jokalariek euren lekua topatzea izango da, "daukaten mailaz jabetu daitezen". Izan ere, entrenatzailea "guztiz harro" dago taldeagaz: "harrobi usaina dario".