Leioako Udalak jarraitzen du "euren lan etorkizuna eraiki eta diseinatzeko hautua egiten dutenei laguntzeko apustuagaz aurrera", Behargintzaren bitartez. "Ekintzaile horiek beste pertsona batzuentzako lana ere sortzen dute", nabarmendu dute bertoko agintariek. Aholkularitza teknikoaz, ekintzailetza-prestakuntza bereziaz, enpresa sareen sustapenaz eta enpresa mintegiaz gainera, Udalak laguntza ekonomikoa emango die udalerriko ekintzaile eta etorkizuneko enpresa berriei.
Diru-laguntzen lehenengo lerroa, enpresa ideia bat garatzeari begira dago. Helburu horregaz, 21.400 euro jarriko dituzte, ekintzaileak izan daitezkeen pertsonei euren enpresa-ideia sortzen, aztertzen eta egituratzen laguntzeko. Gerora, bideragarritasun plan baten bidez zehaztuko liteke. Horrenbestez, Leioako Udalak 5 diru-laguntza banatuko ditu 25 urte baino gutxiago daukaten ekintzaileen artean; eta beste 14 laguntza, 25 urte edo gehiago daukatenen artean.
Bigarren lerroa enpresa jarduera berriak abiarazteko da eta 25.000 euro banatuko dituzte: laguntza, 25 urtetik beherako ekintzaile biri emango diete; eta 25 urte edo gehiago duten beste zazpiri. Halaber, laguntza erabatekoa izan dadin, aukera emango zaie esleipendunei Leioako Udal Enpresa Mintegiko "coworking" gunean lanpostua betetzen, lekurik baldin badago, diru-laguntza horri lotuta dagoen aholkularitza-epean.
Leioako Udalaren Berdintasun Planak eta Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoak markatutako ildo estrategikoei begira, gainera, aurtengo deialdiak genero-ikuspegia barne hartzen du, emakumeen ekintzailetza bultzatzeko asmoz, agintari leioaztarrek adierazi dutenez.