EHUk laguntza ekonomikoa eta materiala eskainiko die errefuxiatuei

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 10a, 17:14

Errefuxiatu ume bi. ARGIA.EUS

Euskal Herriko Unibertsitateak laguntza ekonomikoa eta materiala –bekak eta matrikula ordaintzeko salbuespena, besteak beste– eskainiko die Siriatik, Iraketik edo Ekialde Hurbileko bestelako herrialdeetatik gerretatik ihesi EAEra etor daitezkeen errefuxiatuei. Gainera, unibertsitate eremuan sor daitezkeen premiei aurre egiteko beste ekintza batzuk ere abian jarriko ditu; besteak beste, honako hauek eskainiko ditu: hizkuntzaren arloko laguntza, asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, osasun eta psikologia alorrean sostengua, plazen erreserba unibertsitate egoitzetan, ikasle-errefuxiatuei unibertsitatera sartzeko aukerak lantzea, eta bekak zein laguntza akademikoak esleitzea.

"Euskal Herriko Unibertsitateak, lankidetzaren eragileetako bat den heinean, ezin du ezikusiarena egin gaur egun pairatzen gabiltzan krisi humanitarioaren aurrean. EHUk ulertu du zerbait egin beharra daukala, bere ahalmenaren neurrian, eta gogoeta prozesu bati ekin dio Euskadira etor daitezkeen errefuxiatuen beharren inguruan", adierazi du Maite Zelaia Garagarza Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizun errektoreordeak.

Iragan urriaren 1ean egindako Gobernu Kontseiluan aho-batez onartutako akordioak unibertsitateko talde eragile eta norbanakoen adostasuna islatzen du, Zelaiaren ustez: "EHUk komunitate konprometitua dauka, eta bere baitan baditu garapenerako lankidetzan diharduten egiturak, bakoitza bere baliabideen neurrian: ikastegiak, institutuak, elkarteak, sindikatuak, ikasleen kontseiluak eta bestelakoak. Erabaki proposamen honen oinarrizko asmoa guztion ekina batzea da: unibertsitate komunitatea osatzen dugunon artean borondatez gauzaturiko ahaleginak ildo berean batzea eta erakunde gisa lan egitea".

Esku hartze hau zehazterakoan abiapuntua izan da, ezinbestean, inguruko eragileekin elkarlanean jardutea. Zentzu horretan, gobernuz kanpoko erakunde eta gizarte entitateakaz premien detekzioa egin da eta erakunde publikoakaz sarean jarduteko bideak ezarri dira. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Sailen Arteko Batzordeagaz eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailagaz adostu dira unibertsitate mailan lan daitezkeen ekintzak.

Laburbilduz, lau lan ildotan bana daitezke EHUk proposatzen dituen ekintzak:

  1. Errefuxiatuei oinarrizko prestazio-asistentzia bideratzeko aurreikusitako ekintzak: berbarako, foro baten sorrera, hizkuntzaren arloko laguntza, asistentzia juridikoa eta bitartekaritza, osasun eta psikologia alorrean sostengua, eta plazen erreserba unibertsitate egoitzetan.
  2. Unibertsitate eremuan sor daitezkeen premiei aurre egiteko ekintzak: errefuxiatu ikasleei unibertsitatera sartzeko aukerak lantzea, eta bekak zein laguntza akademikoak esleitzea, besteak beste.
  3. Errefuxiatuen eta oinarrizko eskubideen inguruan eztabaida sortzea eta sentsibilizazioa sustatzea: film laburren lehiaketa bidez, EHUguneren bidez (EHUren eta gizartearen arteko topagune bat da, unibertsitateak garrantzitsu eta estrategikotzat jotzen dituen arazo sozial, kultural, ekonomiko eta politikoei heltzeko asmoz), eta ikastaroen bidez.
  4. Laguntza ekonomiko eta materiala eskaintzea: EHUko langileen artean funts ekonomiko bat sortzea –langile bakoitzak bere nominaren %0,7 funts horretara bideratzea eskatu dezake– eta bitarteko materialen bilketa antolatzea campusetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun