Leioako XVI. Umore Azokan proposamen artistikoak aurkezteko epea zabalik

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 10a, 17:24

Markeliñeren "Andante" ikuskizuna, 2015eko Umore Azokan. © UMORE AZOKA

Leioak ireki du Umore Azokan parte hartzeko proposamen artistikoak bidaltzeko epea. Datorren edizioa 2016ko maiatzaren 19tik 22ra egingo da. Funtsean, aipatutako jardunaldiek "harrera egiten diete kalea adierazpen eta komunikazio artistikorako bide gisa erabiltzen duten konpainia edota artista profesionalen lanei", bertoko arduradunek azaldu dutenez. Kale antzerki, musika, zirku, dantza eta bestelako lanak onartuko dira, izan haurrentzat, familientzat zein helduentzat. Interesatuta dauden konpainiek azaroaren 15era arte daukate izena emateko, Umoreazoka.org web gunean. Bertan aurkituko dituzte parte hartu eta proposamenak bidaltzeko baldintzei buruzko argibide denak.

Lanek batez ere "Estatuan estreinakoak" edo 2015 eta 2016 bitartean aurkeztutakoak izan beharko dute, eta oso modu positiboan baloratuko dituzte Umore Azokan bertan estreinatzeko proposamenak, betiere Azokaren Zuzendaritza Artistikoak behar beste denbora badauka obra horren kalitatea balioesten duten datuak biltzeko.

Azokak atal berezia mantenduko du edizio honetan, 2016ko maiatzetik 2017ko maiatzera bitartean estreinatuko diren eta sormen zein ekoizpen prozesuan dauden ikuskizunak aurkeztu ahal izateko, konpainien eta kultura eragileen arteko topaketen dinamikaren barruan. Proposamenak Azokaren bulegora bidali behar dira (atal honetan parte hartu gura dela garbi azalduz) konpainiek egoki ikusten duten dokumentazio denagaz batera, eta aurkezpen proposamena azalduz (minutu gutxiko eszenatoki gaineko aurkezpena, "showcase"-a, "work in progress", komunikazioa, eta abar).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun