Igor Gordobilen taldea lasai dabil, behingoz, garaipen bi jarraian lortu ondoren. Gainera, Getafe eta Fuenlabradaren aurkako partidatan Sarrienakoen atea estreinatu barik geratu zen. Hortaz, nabarmena da leioaztarrek azken asteotan egindako aurrerapena, taldeak hainbat jokalari gutxiago erabil dezakeen arren. Besteak beste, Aitor Cordoba erdilari gisa jartzeko erabakia baliagarria zela geratu da argi. Bihar, Gordobilen mutilek berretsi beharko dute orain arte aurreratutakoa, beheko postuak atzean utzi gura badituzte, behintzat. Horrek bermatuko lieke euren buruak helburu baikorragoetan kokatzea.
Guadalajara, Nazio batuen Erakundeko taldea
Halere, ez da ona idia baino lehen zintzarria erostea eta, hortaz, Guadalajarak ere jokatuko duela kontuan hartu beharko da. Ligako orain arteko partida denetan Guadalajarari lau gol baino ez dizkiote sartu eta, beraz, karu atera dakioke Leioari gol bakoitza. Gainera, gaztelarrek pasa den astean erakutsi zuten kapazak direla une gaitzenetan ere partidak aurrera ateratzen, Portugaleteren aurka egin zuen legez. Orduan, atsedenera 0-1 galtzen heldu ostean, 2-1 garaitzea lortu zuen. Bestalde, ezin da ahaztu Guadalajarak Ali Diakite kontratatu duela. Leioako erdilari ohiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Sarrienako ohiturak.
Iazko ligan, Guadalajarak 61 puntu batu zituen eta hirugarren postuan geratu zen. Huesca eta Bilbao Athletic Bigarren Mailara igo ostean, talde sendoena da.Gainera, aurten igoeraren trena hartzeko asmoz, fitxaketa ugari egin dute, mundu osoan. Jokalari berriak Japonia (Seishi Tanaka), Mali (Soumaila Konare 'Sumy'), Hego Korea (Junho Lee), Boli Kosta (Ali Diakite), Dominikar Errepublika (Edipo Antonio Rodriguez Encarnacion), Gaztela (Ivan Sanchez-Rico Soto 'Riki') edo Frantziatik (Robin Charles Hughes Lafarge) datoz.