Publikoaren aurrean, zazpi gorputz kulunka agertuko dira, metronomoen antzera. Erreflexuak, mugimendu zeiharrak eta kurbak... elkarri bultza egiten diote. Ematen du eroriko direla; baina, gorputz bakoitza zuzendu egiten da, eta oreka dator berriro. “Ezinezkoa da indar-eremu horretatik ateratzea edo ihes egitea. Baina, hertsadurak ez ditu dantzariak ikaratzen, gozatzen dute, kinadak dauzkate eta subertsiora doaz”, azaldu dute Kultur Leioako iturriek. Askatasuna, itxialdia, predeterminazioa eta erabakiak hartu, pasioz bete eta zerbaiten sinesteko gaitasunari buruzko koreografia da ikusgai egongo dena. Antzerki fisikoak, une koreografiko apartek eta klarinete bikoteak adieraziko dute askatasunaren lorpena; “baina batez ere, erakusten dute erabakitzeko askatasun faltak erosotasuna, lasaitua, familiartasuna eta zoriontasuna ekar ditzakeela”.