"Lur azpiko tunelak, batere argirik gabeko edo argi gutxiko kale eta auzoak, zaindu gabeko landaretza duten guneak, zoko eta ezkutalekuak izan ditzaketen eraikin abandonatuak… Hala, emakumeek eremu askotan sentitzen dute ez dabiltzala seguru", diote ikertzaileek.
Leioa hautatzean eragina izan zuen 2009ko beste lan batek ere: "Diagnostico urbano desde la perspectiva de genero en Leioa". Azterlan hori bertako zenbait emakumek egin zuten, Udalaren laguntzagaz; kalera atera ziren Leioako hiri eremuetan zeuden hutsuneen bila, lekuok identifikatu eta hobetze aldera.
"Aurretik egindako lan horri esker, udalerritik hobeto ibili ahal izan gara, eta bertako leku arazotsuak topatu ahal izan ditugu; horiez gain, ordea, segurtasun gutxiko beste gune batzuk ere identifikatu ditugu. Lana, bestalde, lagungarri izan zaigu sei urteotan egindako erreformak aztertzeko: ikusi dugu asko hobetu direla eremu batzuk (Udondoko bulebarra, San Juan Talderako eskailerak edo Viviendas de Bizkaia), baina oraindik ere badaude hobetu beharreko tokiak (Agirre Lehendakaria edo Cervantes plazak). Alabaina, argi eta garbi utzi behar da Leioan oso delitu gutxi egiten direla", adierazi du Sotok.
Lanean behin eta berriz azpimarratu dute egokitu egin behar dituztela, oinarrizko segurtasun elementurik ez duten eremuak, seguruago izan daitezen.
"Auditoria local de seguridad desde la perspectiva de genero femenino. Leioa, 2015" lana (pdf)