Eskaintzen dituen zerbitzuak modernizatzen eta herritarrei zabaltzeko lanean jarraitzen du Leioako Udalak, beti ere tokiko udal administrazioetan arreta presentzialak duen garrantzia kontutan izanda, bertoko arduradunek aipatu dutenez.
Oraingoan wifi publikoaren sarbidea herritarrentzako errazagoa izatearen alde egin du udal erakundeak, sinplifikazio administratiboaren eredu gisa. Gaurtik aurrera konexio mota bakarra egongo da; edozein erabiltzaile sar daiteke Udalaren wifi sarera edozein momentutan, sartu baino arinago erabilera araudia klik batekin onartzen badu. Konexio hori egun horretako gauerdira arte egongo da erabilgarri; hurrengo egunean erabiltzaileak berriro onartu behar izango du erabilera araudia. Honegaz, pasahitza presentzialki eskatzera joan beharra desagertzen da, erabiltzaileari askatasun eta erosotasun osoa emanez.
Wifi puntuak berdinak izaten jarraituko dute:
- Sarrienako kirolgunea
- Mendibile jauregia
- Udal musika eskola
- Barandiaran institutua
- Euskal Etxeen plaza
- San Bartolome kulturgunea
- Txorierriko nagusien etxea
- Pinuetako kultur aretoa
- Lamiakoko ikastetxe publikoa
- Santa Ana etorbidea - Ibaiondo plaza
- Kultur Leioa
- Torresolo kirolgunea
Irudia ere aldatu egingo da: oraingo Wifi atala modernoagoa da; euskarri digital guztietara egokitzen da. Halaber, informazio gehiago eman ahal izango du; eta herriko Wifi publiko zonalde guztien berri emango du mapa baten. Horrez gainera, udal aplikazioak deskargatzeko atal berezia ere izango du atari horrek.
Aurreko urteetako Wifi erabiltzaileen datuen arabera, urtean 100.000 saio egon dira; erraztasun berriakaz kopuru hori bikoiztea espero da.