Euskal presoek EHUn ikasteko aldarria zabaltzeko dinamika aurkeztu dute Leioako campusean

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 24a, 09:25

Bestea beste, Iñaki Lasagabaster, Ramon Zallo, Josu Amezaga, Gabriel Elkoroaristizabal, Mila Amurrio, Mari Luz Esteban, Cesar Manzanos, Iratxe Retolaza, Patxi Azpillaga eta beste zenbaitek sinatu dute agiria. LEIOATIK!

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Ikasle Abertzaleek (IA) eta Prest ikasle presoen sostengurako taldeak gatibuek EHUn ikasteko aldarria zabaltzeko dinamika aurkeztu zuten atzo Leioako campusean. Kanpaina honen barruan hainbat ekimen egingo dira; oinarri nagusi bezala euskal preso politikoek ikasteko aukera daukatela hartuko dute. Besteak beste, atxikimendu-orri bat zabaldu dute; irakasleek, ikasleek eta unibertsitateko langileek sinatzeko aukera edukiko dute. Helburu nagusia ahalik eta atxikimendu gehien lortzea da. Batutako sinadura denak EHUko arduradunei, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioei eta Espainiako espetxe zuzendaritzari bidaliko dizkiete.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 30 irakasle, ikerlari, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasle inguruk "Euskal presoak EHUn" ikastera izeneko agiria plazaratu dute, euskal preso politikoek unibertsitate ikasketak egiteko duten eskubidea aldarrikatu eta berau gauzatzeko neurriak eskatzeko asmoz. Agiriaren sinatzaileek diotenez, Espainiako kartzeletan preso dauden euskal herritarrek EHUn ikasteko eskubidea galarazita edukitzea "ulertezina eta onartezina" da. Frantzian preso daudenei buruz, eskubide hori ukaturik ez badute ere, praktikan eskubide hori gauzatu ahal izatea "oso zail" daukatela diote agirian. Hala, lau eskaera zehatz egin dituzte agiriaren sinatzaileek: presoen eskubide denak onartuak eta bermatuak izan daitezela "salbuespen neurri eta erabakiak bukatuz", euskal presoek gura duten hizkuntza ikasteko eskubidea bermatzeko neurriak hartzea, EHUk irakaskuntza eskaintza zabal eta egonkorra egitea, eta presoek unibertsitatean ikasi ahal izateko beharrezko neurriak hartzea matrikulazio prozesuan, tasa eta beka sisteman, tutoretzetan eta abarretan. Orain, atxikimenduak batuko dituzte agiri horren inguruan, urtarrilaren akabura bitartean.

Dinamika zabala

Sinadurak batzeaz gainera, azaroaren 30erako, astelehena, mahai inguru bat antolatuko dute Leioako campusean; besteak beste, Iñaki Lasagabaster Zuzenbide Administratiboko katedradunak parte hartuko du. Hurrengo egunean, abenduaren 1ean, agiriaren aurkezpena egingo dute Gasteizko campusean, eta abenduaren 2an Gipuzkoakoan. Azken horretan, Juan Jose Alvarez Zuzenbideko katedradun eta UNEDen Gipuzkoako zuzendari akademikoak hartuko du parte.

Abenduaren 17an beste agerraldi bat egingo dute; ordura arte bildutako atxikimenduen berri emateaz gainera, urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioei sostengua adieraziko diete. Kanpainaren bukaera urtarrilaren akabuan izango da.

Prest ikasle sostengurako taldea

Ikasle presoen sostengurako taldea sortu berri dute Leioako EHUko campusean. Talde horrek Prest du izena, eta campus horretako hainbat ikaslez osatuta dago. Bilerak egiten hasi dira, baina, gogoratu dutenez, ez da talde itxia. Euren helburu nagusia "preso dauden ikasleei nahi dituzten gradu guztiak ikasteko baliabideak ematea da". Izan ere, euren ustean, Leioako campusak eta, orokorrean, EHUk ez du jorratzen gai hori. Gogoratu dutenez, "Leioako campusak baditu bost ikasle preso, bere zailtasun guztiekin euren graduak aurrera ateratzen saiatzen ari direnak". Talde horretako kideek aurreratu dutenez, nahiko ekintza dituzte buruan ikasle presoek gura dituzten gradu denak behar bezala ikasi ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun