Antolatzaile-taldeko Iratxe Martak (AEK) eta Josu Esnaolak (Berbaldun egitasmoa) azaldu dutenez, "euskara erabiltzeko prest daudenak identifikatu nahi ditugu; gutxienez, egun horretan bakoitzak dakien euskara, apur hori bada ere, ateratzea da asmoa". Horretarako, txapak banatuko dizkiete herritarrei; hala “jakingo da ikur hori daraman pertsonarekin euskaraz egin ahal dela”. Ikastetxe zein ikastolen bitartez, txapa guraso denei heltzea bermatu gura dute; udal langileek ere ikurra eroatea beharrezkotzat jo dute. Denera, bost mila txapa banatuko dituzte herrian.
Konpromisoen Liburua
Berbalamiñe euskara taldearen desagerpenak utzitako hutsuneari aurre egiteko, Konpromisoen Liburua asmatu dute Leioan. Norbanako, elkarte edo eragile bakoitzari euskararen alde zer egiteko prest dagoen galdetu gura diote; liburu batean jasoko dituzte konpromiso horiek guztiak. Ekimena abenduaren 3an aurkeztuko diete. "Hala ere, jakitun gara egun horretarako tarte gutxi izango dutela eragileek euren artean hitz egiteko eta zer egingo duten erabakitzeko", aitortu du Esnaolak. Hala, neguan taldeakaz batera landuko dituzte bakoitzaren konpromisoak; udaberrian ekitaldi edo jaitxo bat egingo dute horiek denak liburuan idatz ditzaten.
Euren ustez, beharrezkoa da Leioako euskaldunak egituratzea; "bakoitzak bere esparruan egiten du lan", dioetenez. Indarrak metatu gura dituzte, Konpromisoen Liburuan irudikatuz. "Ez zaizkio inori ateak itxiko; erdaldunek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere prest badaude urratsen bat emateko euskararen alde", amaitu du Esnaolak.
Egitaraua
Azaroak 27, barikua
21:00 Oreka TX taldearen Silex txalaparta-ikuskizuna, Kultur Leioan. Sarrera: 15 euro.
Azaroak 29, domeka
12:30 Kalekantuka, Doniene abesbatzagaz, Kultur Leioatik Udondoko bulebarrera.
18:00 Magiklown ikuskizuna, Sakonetan.
Abenduak 3, eguena
Egun osoz, Egun on kanpaina, herrian.
09:30-13:00 Euskararekin jolasean izeneko ekimena Boulevarden eta Sakoneta kiroldegian.
17:00 Puski eta Txurruskiren Pilo, pilo, korapilo ikuskizuna, Kandelazubietan.
18:00 Txokolatada, Kandelazubietan.
19:00 Konpromiso Liburuaren aurkezpena, Kandelazubieta kiroldegian.
19:30 Barry barrez umore-bakarrizketa, Barry Manley irlandar euskaldunagaz, Kandelazubieta kiroldegian.
Abenduaren 5etik 8ra
17:30 Marko makako umeentzako filma, Kultur Leioan. Sarrera: 3,50 euro.
20:00 Amama filma, Kultur Leioan. Sarrera: 4,50 euro.