Joan den urtean, Mari Pepa eta Arloteren panpina bereziak saldu ziren, eta afariagaz batera, 4.000 euro baino gehiago batu zituzten Sortarazi elkartearentzat. Horregaz, Leioako familia behartsuei Gabonetan laguntza bat ematea lortu gura zuten. Aurten, panpinak izan beharrean, Mari Pepa eta Arlote pertsonaien irudiakaz apaindutako katiluak salduko dira Leioako dendetan, 4 euroan.
Joan den urtean aurreikuspen denak bete ziren; aurten, katiluen 750 ale egongo dira salgai.
Ongintzazko afaria
Bestalde, ongintzazko afaria ere antolatu dute; berriro ere Mendibile jauregian izango da, abenduaren 10ean. Bertan, Mari Pepa eta Arlote protagonista dituzten hainbat artisten obren zozketa egingo dute; horien artean daude K-Toño Frade Bilboko marrazkilaria, Jone Saitua margolaria, Jonathan Arnaiz ilustratzailea, Mikel Godoy argazkilaria, Beren Beregi brodatzaileak eta Carmen Palomero artista leioaztarra.
Leioaztar denak afari horretan parte hartzera gonbidatu ditu Udalak, dohaintza 50 eurokoa da eta parte hartzeko aldez aurretik Behargintzara deitu (944 004 195) edo (behargintza@leioa.net) idatzi baino ez da egin behar.