Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetako kanpaina finantzatzeko, hainbat herritarren laguntza jaso zuen Esnatu Leioa alderdiak; auzokideek utzitako dirua bueltatzeko moduan daudela adierazi dute talde ezkertiarreko kideek. "Hori guztia dagokigun hauteskundeetako gastuetarako diru-laguntzagaz itzultzeko asmoa geneukan; baina, begi bistan denez, atzeratu egingo da subentzioa". Kontuak horrela, "Udaletik jasotako dirua eta zinegotzien ekarpenak" baliatuko dituzte jasotako "mikrokredituak" atzera emateko. Finantzatzaileen esku, helbide elektroniko bat (esnatuleioa@gmail.com) ipini du Esnatu Leioak; norberak bere kontu korronte zenbakia bidali beharko du bertara, eta alderdiak diru-sarrera egingo dio.