Zapatuan egingo da Leioan Kontsumo Iraunkorraren Azoka

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 18a, 11:47

Kontsumo Iraunkorraren Azoka. CC-BY-NC-SA

Bihar, zapatuan, Kon­tsu­mo Iraunkorraren Azoka egingo da, hamabigarren urtez. Goizeko 11:30etik 14:00etara, Euskal Etxeen plazan (Izarraren Plaza) leioaztarrek erabiltzen ez dituzten objektuak uzteko aukera izango dute, baita gura edo behar dituztenak eskuratzeko ere, gai horretaz gogoeta egiteaz gainera.

Ekimena Leioako Ekotaldeak antolatu du. Kolektibo hori 16 eta 22 urte bitarteko gazteek osatzen dute. Kontsumo Iraunkorraren Azoka bideratzeko Solasgunearen laguntza izango dute, eragile biak hamaika urtez elkarlanean baitabiltza. Azoka berriro martxan ipintzeko arrazoia honakoa da: «Leioako hiritarrok etxeetan inolako erabilpenik eman gabe pilatzen ditugun objektu horiei guztiei bizitza luzatzeko aukera ematea». Izan ere, kontsumo-espiralaren aurrean, egundoko aukera da partekatzeko, esperientzia komunitarioa bizitzeko eta «beste mundu bat (benetan) posible dela» frogatzeko.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, «ez da trukaketa hutsa hemen proposatzen dena, hori baino askoz ere gehiago da: gauzek sortzen duten beharrizana, horixe balio dute. Niri balio ez didan hori beste pertsona batentzat behar-beharrezkoa izan daiteke. Nahi duzun guztia ekartzeko aprobetxa dezakezu egun hori. Zure irizpidea aske utziz: jantziak, liburuak, musika, altzariak, zapatak, apaingarriak, jostailuak... Ezertarako ezta inorentzako balio ez duela pentsatu arren, gogoratu beste pertsona batzuei balio ahal diela. Hori bai: saiatu objektuak egoera onean egon daitezen». Jakinarazi dutenez, zerbait hartzeko ez da beharrezkoa izango bertan ezer uztea. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun