Bizkaiko Hik Hasi elkartea eratzeko batzarra egingo dute campusean

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 7a, 09:00

Hik Hasiren 20. urteurrena. © HIK HASI

Datorren martitzenean, urtarrilak 12, Hik Hasi euskal heziketarako elkarteak batzar berezia egingo du Leioako campuseko Irakasle Eskolako zuzendaritzaren bilera-gelan. Bertan, 17:30ean, egitasmoaren Bizkaiko elkartearen sorrera-bilera egingo dute.

Hik Hasi elkarteak zabaldu duenez, gaur egun Euskal Herri osora hedatzen den egitasmoak Gipuzkoan dauka bere egoitza bakarra, baina aurrera begira, Bizkaian ere izateko asmoa du. Hori lortzeko, aipatu bilera egingo dute. Interesa duten pertsona denek parte har dezakete.

Hik Hasi egitasmoa 1995ean sortu zuen irakasle talde zabal batek, euskal hezkuntzaren informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko izan guran. Egitasmoaren oinarriak honako hauek dira: euskalduna, nazionala, hezkuntza komunitateko partaide denena, baterakoia, irekia, plurala eta independientea.

Bide horretan, Euskal hezkuntza-sistema propioa edukitzeko eskubidea aldarrikatu dute: "euskal kulturan oinarritutako curriculum propioa, irakasleria iraunkor eta euskalduna, Euskal Herritik kanpora hartutako erabakien menpe ez dagoen eredu dezentralizatua eta zentroen autonomia. Horrek guztiak berma lezake kalitatezko euskal irakaskuntza herritar guztiontzat".

Hori dena lortze bidean, Hik Hasik hainbat proiektu gauzatu ditu: izen bereko euskal heziketarako aldizkaria, udako topaketa pedagogikoak, hezkuntza gaiei buruzko monografikoak, Euskal Herriko baliabide pedagogikoen gida, liburuak, haur-jolasen bildumako materiala, musika metodoak, ipuinen bilduma, ikus-entzunezko materiala eta abar luze bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun