Leioako futbol-taldea indartu da bigarren bueltari begira

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 12a, 20:31

Yannis Rahmani Lezaman hezitako erdilaria eskuman, Javier landeta Leioako presidenteagaz. © LEIOA K. E.

Leioako Kirol Elkartearen gizonezkoen lehen taldea Bigarren B Mailako taularen erdian dago, 24 puntugaz, lehenengo buelta amaituta. Javier Landeta presidentea kontzientea da errenta hori ez dela nahikoa liga amaiera lasaitasunez bizi gura badute: "play-out eta jaitsiera postuetatik lau puntuko abantaila besterik ez dugu". Kontuak hala, klubak erdilari bi fitxatu ditu Gabonetan: Pedro Capo menorcarra eta Frantzian jaiotako baina Lezaman hezitako Yannis Rahmani, Athleticek utzitakoa.

Biek ala biek bete beharko dute Eric Curbelo kanariarra postu horretan utzitako lekua, pasa den 22an geratu baitzen taldetik kanpo.

Javier Landetak gogorarazi duenez, pasa den denboraldian Leioak 48 puntu behar izan zituen kategoria mantentzeko. Hori dela eta, ligako bigarren bueltan "gutxienez" lehenengoaren maila eta emaitzak berdindu beharko lituzkete. Presidenteak nabarmendu duenez, Bigarren Taldeko ezaugarri nagusiak dira "emaitzak estuak" izaten direla eta "joko-zelaian 20 taldeen artean desberdintasun gutxi dagoela". Azkenean, deialdia egin dio taldearen oinarri sozialari Sarrienara usuago hurbil dadin: "zuen bultzada behar dugu", azaldu du.

Fitxajeak

Pedro Capo Payeras Mao herrian jaio zen 1990ean. Denboraldi honetan Llosetense taldean militatu du eta aurretik jokatu du Sporting Mahones, Real Club Celta de Vigo B, Real Club Deportivo Mallorca B, Atletico Baleares eta Arroyo klubetan.

Yannis Rahmani, Champigny-sur-Marnen jaio zen, Parisko metropoli-gunean, 1995ean. Ezkertiarra da eta ezker hegaleko zein erdi-punta gisa joka dezake. Athleticek utzita heldu da Leioara, denboraldi hasieran Tudelanon jardun ostean. 2003an, oraindino kimua zela, Lezaman sartu zen. Bertan ibili da Athleticek pasa den denboraldian Sestao River klubari utzi arte. Abuztuan, ordea, Tudelanora lekuz aldatu zuen Bilboko klubak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun