Fisikako eta Kimikako ikastunen bila dabiltza EHUn

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 13a, 16:58

Batxilergoko ikasleak esperimentuak egiten Zientzia Fakultateko laborategietan. © EHU
Urtarrilaren 22ra arte, Jose Luis Ayastuy eta Izaskun Gil de Muro irakasleek koordinatzen duten Kimika Bizirik egitasmoaren edizio berri bat egingo dute EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko laborategietan, Leioako campusean. Herenegun, astelehenean, hasi ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko 40 bat ikastetxetik heldutako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute. Bestalde, atzo, martitzena, hasi zen EHUko ikastegi berean Fisikaz eta Ingeniaritza  Elektronikoaz Blai ekimena; urtarrilaren 21era arte, Batxilergoko 180 ikaslek, gutxi gora behera, hartuko dute parte Nerea Zabala Unzalu eta Ibon Sagastabeitia Buruaga irakasleek koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 35 ikastetxetatik etorriak dira. Gutxi gora behera, 105 ikaslek egingo dute jarduera euskaraz, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arrastiko taldetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko bost praktiketan.

Kimika Bizirik

Ekimenak Kimika eta Ingeniaritza Kimikoa uztartzen ditu, unibertsitate-aurreko ikasleen artean gai bi horien gaineko interesa indartzeko, EHUko iturriek adierazi dutenez. Programan parte hartuko duten ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz izango dituzte saioak, goizean eta arrastian. Aurten, partaideen %53 Batxilergoko lehen eta bigarren mailakoak dira eta %47 DBHko laugarren mailakoak.

Ikasleek Kimikako lau praktika egingo dituzte laborategian, besteak beste, honako hauek: bost zentimoko kobrezko piezak "urrezko txanpon" bihurtuko dituzte prozesu elektrokimiko baten bidez (zinkez estaltzen dira eta zilar kolorea hartzen dute. Ondoren, berotzean, zinka letoi bihurtzen da eta urre kolorea hartzen dute). Horrez gainera, detektibe kimikoaren jardueran, zortzi konposatu ezezagun identifikatu beharko dituzte, zenbait propietate kimiko eta fisiko neurtuta, berbarako, pHa, eroankortasuna edo lumineszentzia. Ondorengo konposatuak identifikatu beharko dituzte: ur destilatua, itsasoko ura, tonika, kola edaria, tea, ozpina, lixiba eta gaseosa.

Era berean, 6-10 nylonaren sintesia egingo dute, polimerizazio bidez, bi erreaktiboak nahastuta, eta analgesiko komertzial baten osagai aktiboa identifikatuko dute. Azken jarduera horretan, ikasleek geruza fineko kromatografia erabiliko dute analgesiko baten benetako osagaiak identifikatzeko eta ondorengo agente aktiboen presentzia baieztatu edo ezeztatuko dute: parazetamola, ibuprofenoa, azido azetilsalizilikoa eta kafeina.

Gainera, esperimentuetan ere parte hartuko dute, betiere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko tutore baten gidaritzapean; unibertsitateko zenbait irakaslek erakustaldiak ere egingo dizkiete.

Kimika Bizirik programa 2006az geroztik egiten da urtero eta bere helburua da Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak zientzian murgiltzea, hain zuzen ere, kimikan eta ingeniaritza kimikoan.

Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai

Besteak beste, ikasleek fisika pixka bat "prestatuko" dute mikrouhin labean. Lehen errezetaren edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten aztertuz. Bigarren errezetan, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte. Azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez argiaren abiadura zehatz dezaketela ikusiko dute. Lanean hasi aurretik, komenigarria izango da ikasleek zenbait galderari erantzutea: Zer dira mikrouhinak? Nola berotzen dute mikrouhin labeek? Ura duten elikagaiak bakarrik berotzen al dituzte? Praktika honetan soinuaren abiadura neurtuko da esperimentu oso sinplean, soinu-uhin geldikorrak kartoizko hodi baten barruan sortuz eta aztertuz.

"Difrakzioa, CDak eta espektroak" izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialakaz (CDak edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute. Hala, mundu mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

"Motor elektrikoa" kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako bat bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren %70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da. Lege horrek aplikazio ugari du. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko dizkiete ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere: motor elektrikoak. Korronte zuzeneko motorrak (edonork egin ditzake etxean, ahalegin handirik gabe) eta indukzio motorrak (berbarako, garbigailuen barnean aurki daitezkeenak; bertako ura ponpatzea dute helburu) aurkeztuko dizkiete.

"Fisika hutsean" moduluan, ikasleek presio atmosferikoak eguneroko objektuen portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute; baita hutsean soinua ez dela hedatzen ere (argia bai ordea). Horrez gainera, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.

"Irratia" praktikan irrati-igorle komertzial baten irrati-maiztasuneko seinale bat jaso eta haren edukia entzuteko gai izango dira, daraman informazioa atera ondoren. Beste berbetan, "irratia entzungo dugu". Horretarako eraikiko duten zirkuitu oso sinplea, osagai gutxikoa, baliatuko dute. Aurten, praktika honetan esperimentu bat (Hertz-en esperimentua) gehitu da. Muntaketa honetan uhin-elektromagnetikoen izaera era sinplean frogatzen da.

Ikasleek 5 proposamenetatik 3 gauzatuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa- eta ingeniaritza elektronikoko laborategi bana bisitatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun