Gabonetako egitaraua arrakastatsua izan da Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 13a, 18:32

Olentzero Leioan barrena. © LEIOAKO UDALA

Gabonak umeentzako egun bereziak dira, eta horregatik Leioako Udalak eurei zuzendutako egitarau berezia prestatu zuen egun hauetarako. Besteak beste, Errege Magoen eta Olentzeroren harrera, gaztaina erreak, Gabonetako Umeen Parkea, edota Gabonetan Antzerkira zikloa egon ziren, denak arrakastatsu suertatuz, bertoko agintariek nabarmendu dutenez.

Ekintzarik garrantzitsuena, Kandelazubietako Gabonetako Umeen Parkean izan zen beste behin ere. Bertan, 1.240 umek eta 874 gurasok tailer, puzgarri, ikuskizun, zein jokoetan hartu zuten parte urtarrilaren 2tik 5era. Ezin ahaztu urtarrilaren 4an, Aldundiko suhiltzaileak beharrean ikusteko aukera ere egon zela, benetan ikusgarria egiten duten lana: tirolina, erreskate txakurrak, bizikleta-istripu batean egin beharreko lanak, eta abar.

Olentzero ere bisitan egon zen abenduaren 24an, berari egindako harreran Leioako hainbat kultur taldek parte hartu zuten, besteak beste, Biltoki Gazte Elkartea, Gure Ohiturak dantza-taldea, Errekaldeko Nagusien Etxeko Abesbatza eta Leioako Txistulariak. Guztira, 700 opari inguru banatu zituen Olentzerok 5 urtera arte eta 6 urtetik gorako leioaztarren artean. Eta gainontzeko auzoak ere bisitatu izan zituen Olentzerok; Lamiakon, Txorierrin, Pinuetan eta San Bartolomen ere gozokiak banatu zituen.

Egun bat lehenago, Olentzeroren etorrera prestatzeko, gaztaina erreak banatu ziren Boulebard-ean; denera 600 gaztaina-ano banatu zituzten, Leioako Udalari eta Leioako Merkatari Elkarteari esker.

Azkenik, urtarrilaren 5ean Errege Magoak heldu ziren Leioara. Sakoneta kiroldegian egon ziren 18:30etik aurrera bertan batutako txikiakaz egoteko eta 750 opari eta gozoki inguru banatzeko, gau magiko horretan.

Kultur Leioan

Horrez gainera, Kultur Leioak hainbat ikuskizun berezi eskaini zituen. Gabonetako kontzertuei dagokienez, bete egin zen entzungela Leioako Gazte Orkestra (abenduak 19), Travellin’ Brothers All Stars (abenduak 18) eta Leioako Musika Banda, Orpheo Ganbera Abesbatza eta Voccalisse (abenduak 20) ikusteko. Denera, 700 ikusle inguru pasa ziren Kultur Leioako auditoriumetik.

Gabonetan Antzerkira zikloa eduki zuten ikusgai etxeko gaztetxoenek eta euren senideek. Horrela, abenduaren 26tik 30ra  “Moby Dick”, “Kontu Kontari”, “Burbujas de papel”, “Gaueko entziklopedia koxkorra” eta “Pintto Pintto” obrakaz gozatzeko aukera egon zen. Denera, 900 ikusle baino gehiago egon ziren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun