Kultur Leioak 22 ikuskizun eskainiko ditu urteko lehenengo lauhilekoan

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 15a, 12:56

Zen del Sur proiektua zirku eta dantzaren mundutik datozen bi artisten batasunetik sortzen da, Carlos Lopez eta Antonio Vargas Montiel, Albadulake eta Les 7 Doigts de la Main taldeetan ibilitakoak. © KULTUR LEIOA

Kultur Leioak argitaratu berri du 2016ko hurrengo hilabeteotan eskainiko duen kultura programazioa biltzen duen agenda: "egitarau anitz, berri eta erakargarria da, euskal agertoki aberatsa uztartu egiten duena, Estatuan eta nazioartean maila nabarmena duten artista eta konpainiakaz", Ana Lopez Kultur eta Gazteria Saileko zuzendariak adierazi duenez. Denera, 22 ikuskizun eskainiko du urteko lehen lauhilekoan; horietatik zazpi, musika emanaldiak izango dira (formatu txikikoak bakar batzuk); helduentzako sei antzezlan egongo dira; publiko guztientzako zirku ikuskizun bi; lau familia-ikuskizun (bat ingelesez); eta hiru dantza emanaldi. Horiei denei, erakusketak, zinea, lehiaketak, gazteentzako jarduerak Aterpe Leioa Gaztegunean eta hurbileko programazioa (Lamiako, San Bartolome, Txorierri eta Pinuetako auzo-gelak) gaineratu behar zaizkie.

Estibaliz Bilbao Kultura zinegotzia lagun, Ana Lopezek Kultur Leioako programazio berriaren argibideak eman zituen atzoko prentsaurrekoan. "Zaila da erabakitzea egitarau honegaz. Beraz, ez gara hautatzen ibiliko, xehetasunez azalduko ditugu proposamen artistiko ezberdinak osatzen dituzten diziplinak, ikuslerik zorrotzenak ere asebetetzeko moduko eskaintza baitaukagu. Hortaz, lehenik, musika nabarmendu behar dugu", esan zuen Kultur eta Gazteria Saileko zuzendariak.

Urtea hasteko, Musika Gertu zikloa egongo da, hiru kontzertu desberdinakaz (20 euroko bonua txarteldegian). Urtarrilaren 15ean, Cromatica Pistona madrildarrek joko dute. Errepertorio berezia dauka banda horrek, jai-girokoa; estilo desberdinak nahasten ditu, swing-etik hasita, rock’n roll-era doana, world music edo jazzetik igaroz. Dibertsioa eta dantza bermatuta daude. Otsailaren 19an, Feten Feten izango da Leioan; Diego Galazek eta Jorge Arribasek hainbat musika-tresna jotzen dute. Dantzaren erritmoan, erro eta tradizioen bidetik eroango dituzte ikusleak. Azkenik, martxoaren 18an, Dom La Nena abeslari eta biolontxelista brasildarraren txanda helduko da. Viceko Mercat de Musica Viva jaialdian ustekabeko artista izan zen; "Soyo" bere azken albuma aurkeztuko du Leioan. Bihotzetik sortutako musika.

Musika Gertu ziklotik kanpo, martxoaren 4an, ibilbide luzeko artista batez gozatzeko aukera egongo da, "Martirio 30 años" ikuskizunagaz; kantatzeko eta izateko modu ezberdin bat, altxor berriak bilatzen emandako bizitza oso bat erakutsiko digu abeslari ezagunak. Apirilaren 30ari dagokionez, Kalakanek "Elementuak" izeneko bere azken lana eskainiko du; euskal errepertorio tradizionalean sakondu eta hori berrasmatu egiten dute, kantu eta perkusioaren bitartez.

Antzerkia

Antzerkia ere protagonista izango da datozen hilabeteotan, Kultur Leioan. Urtarrilaren 22an, Uribe Kostako Bufalo Produkzioak taldeak "Sindrome de Estocolmo" eskainiko du: zuzeneko musikagaz jantzitako "talk show" honetan kultur esparruko sei pertsonai agertuko dira, mahai baten inguruan bilduta: Ana Arias, Jon Maia, Ivan Ferreiro, Zahara, Arrate Etxeberria eta Valerie Tasso, hurrenez hurren. Emozioz beteriko "anti-performance"-a da "Sindrome de Estocolmo", prentsaurrekoan parte hartu zuen Unai Garate aipatutako lanaren zuzendari artistikoaren arabera. Bestalde, otsailaren 12an, Galiziako ilMaquinario Teatrok, EAEn eta gaztelaniaz, "Perplejo" estreinatuko dute (5 Maria Casares sariren irabazlea); ikuskizun komikoa, surrealista eta ausarta da, gizakiarentzat ezinbestekoak diren gaiak jorratzen dituena. "Antzerki barruko antzerkia", Kultur Leioako arduradunen berbetan. Eta, martxoaren 11n, Tanttakak "El florido pensil niñas" eskainiko du; izenburu bereko antzezlan arrakastatsuaren bertsio femeninoa. Gerraondoko Espainian zegoen hezkuntza sistemaren gaineko begirada dibertigarri, ironiko, askatzaile eta garaikidea agerian uzten du obrak.

Zirku berriak ere lekua edukiko du Kultur Leioaren egitarauan. Besteak beste, urtarrilaren 29an, Zen del Sur konpainia andaluziarrak "Heian" lana eskainiko du. Diziplina anitzeko ikuskizuna, dantza akrobatikoa eta urbanoa, zirkuko teknika eta zuzeneko musika uztartzen dituen lana da. Apirilaren 16an, berriz, Blizzard Concept frantziarrek "Opera pour seche-cheveux" estreinatuko dute EAE mailan. Karpa eta animaliarik gabeko zirkua da eurena; magia berrasmatu berria, malabarista bi, mago eta clown apartakaz.

Horrez gainera, lau familia-ikuskizun egongo dira: hasteko, urtarrilaren 24an, "El sueño del pequeño guerrero" txotxongilo eta itzalen antzezlana eskainiko du La Tartanak; Masai tribuaren antzinako kulturan oinarritutako istorio originala da. Bestalde, otsailaren 14an, "Letter, eskutitz baten bidaia/El viaje de una carta" aurkeztuko du Malas Compañias zirku-taldeak; duela astebete estreinatu zuten. "Zirku berria, familia antzerkia, umorea eta poesia uztartzen ditu", Ana Lopezek zehaztu zuenez. Familia-ikuskizunakaz jarraituz, Pea Green Boat kataluniarrek "The Shoe Tree" antzerki eta txotxongilo ikuskizuna eskainiko dute; istorio atsegina da, ingelesez eta oso hurbiletik kontatua. Kultur zuzendariak zehaztu duenez, "entzungelaren edukiera murriztuko dugu, publikoa agertokira igotzeko aukera edukiko duelako". Azkenik, Galiziako Entremans konpainiagaz, "Xoga" izango dute ikusleek; familia-dantza, irudimenetik ezagutzara doan bidaia.

Kultur Maratila

Urteko lehen zati honetako beste hitzordu garrantzitsu bat, Leioan, Kultur Maratila izango da. Euskal sormeneko jaialdi txiki honen bosgarren edizioa izango da aurtengoa, Artedrama bertoko plataforma artistikoagaz batera antolatuta. Jaialdi honi buruzko informazioan sakondu egingo dute bere garaian egingo duten aurkezpenean. Hala ere, atzo datu batzuk aurreratu zituzten. Kontuak hala, otsailaren 25etik 28ra, Euskal Herrian egindako sei proposamen artistikoz gozatzeko aukera edukiko dute ikusleek: antzerkiari dagokionez, Anodino Teatroa taldearen "Zerura Eroria", Khea Ziater-en "Malmö", eta Txalo Produkzioen "Heroiak"; azken hori, Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirregaz. Musika eta poesia ere egongo dira Kultur Maratilan, "Gau Beranduan" lanaren bitartez, Harkaitz Cano, Petti eta Joxan Goikoetxearen parte-hartzeaz; Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertua; eta dantza eta musika, Idurre Azkue eta Joseba Irazokiren "Dantza gurea" lanagaz.

Dantza

Bukatzeko, dantza-ikuskizun bi egongo dira: apirilaren 8an, "Barbecho", Natxo Montero Danza taldeak sortua; eta apirilaren 22an, Cielo RasO euskal konpainiak eskainitako "Tormenta". Azken hori Igor Calonge koreografoaren azken lana da, mugimenduaren arteagaz zerikusia duen apirilerako egitarau zabalago baten parte dena; dantzaren inguruan, argazki-erakusketa, berbaldia eta Elias Aguirreren "Flightless" egongo dira. Izan ere, apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna da.

Umore Azoka

"Baina, ezingo genuke aurkezpen hau bukatutzat jo gure udalerriko hitzordurik garrantzitsuenetariko bat aipatu barik", amaitu zuen Ana Lopezek; maiatzaren 19tik 22ra egingo dute kaleko artisten Umore Azoka. Epe laburrean, nobedadeak egongo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun