Leioako Udalak aurrematrikulazioaren izapideak erraztu gura dizkie 649 familiei

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 18a, 16:17

Urtarrilaren 25etik otsailaren 5era arte ikastetxeetako 2016-2017 ikasturterako aurrematrikulazio garaia izango da; sasoi honetan gurasoek egin behar dituzten gestioak errazteko asmoz, Leioako Udalak errolda-agiriak bidali dizkie 2 eta 3 urteko ume leioaztarrei, denera 649 sendiei.

Ekintza honegaz herritarrei erraztasunak eman gura dizkie Udalak; kasu honetan, aurrematrikulazioa egin behar duten umeen gurasoei. "Errolda-agiria derrigorrezkoa da aurrematrikulazioa egiteko, eta urtero hainbat guraso bulego-orduetan etorri behar dira udaletxera agiri hau eskuratzeko. Beraz, gestio hau erraztea du helburu ekintza honek", azaldu dute bertoko agintariek. Horregaz batera, herriko ikastetxe publikoei buruzko informazioa ere bidali dute.

Bestalde, Leioako Udalaren Euskara Zerbitzuak "D bitamina" izeneko kanpainaren bidalketa ere egiten hasi da. Leioako Udala, Bizkaiko beste 24 udalerri eta 2 mankomunitateakaz batera, euskarazko hezkuntza bultzatzea helburu duen kanpainaren parte da, euskal gizartean benetako elebitasuna lortzearen aldekoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun