Athletic Bk jipoia eman dio Leioako Emakumeak taldeari

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 18a, 19:05

Leioako Emakumeen hasierako hamaikakoa. © LUTXO - LEIOA KIROL ELKARTEA

Leioako Emakumeek zazpi gol jasan zituzten atzo, domekan, Sarrienan, Athletic Bren aurka jokatutako derbi bizkaitarrean. Bilbotarrak erabat nagusitu ziren partida osoan, eta baloia mendean izan zuten hasieratik amaierara. Egoitz Linazaren neskek, ordea, ezin izan zuten golik sartu.

Urdin-gorriak Pauldarren aurka bana berdintzetik zetozen eta euren hamaikakoa ia berbera izan zen atzo. Salbuespen bakar bi izan ziren. Alde batetik, Sarai Ugarte aurrelari sopeloztarra zelairatzea Idoiaren ordez; Izan ere, erdilariari orkatilako lesioak kalte egin dio berriz, hainbat astez zelairatu barik eta taldetik aparte entrenatzen ibili ostean. Beste aldetik, Paula Valdivieso hasierako hamaikakoan ipini zuen Linazak, barikuan besteakaz entrenatu ezin izan zuen Maria Larrauriren ordez.

Kontuak hala, Uxue Llonak atezain titular gisa errepikatu zuen. Beragaz batera hasieran izan ziren Leire Landa eta Garazi Zelaia alboetan; Nekane Learra kapitaina eta Ziortza Askaiturrieta erdiko erdilari postuetan; Iratxe Lizarazu zelairen erdian; Maialen eta Diana Perez alboko erdilari postuetan; eta Ane Etxebarria, Paula Valdivieso eta Ainoa Antruejo erasoan.

Lehenengo ordu erdian ondo eutsi zioten leioaztarrak, eta gol bakarra jasan zuten, Andrea Sierrak 20. minutuan sartua. Baina handik aurrera, Sarrienakoen defentsa erabat ahuldu zen eta hurrengo minutuetan hiru tanto sartu ziren Uxue Llonaren atean: Leia Zaraten bi, 31. eta 34. minutuetan, eta Beatriz Ramosena, 39. minutuan. Etxekoen lehenengo erasoa ez zen 45. minutura arte helduko, epaileak atsedena ezartzear zegoenean. Bigarren zatiagaz batera, laugarren gola sartu zuten zuri-gorriek, Leyre Monenteri esker. Zaratek partidaren bere hirugarrena sartu zuen 65. minutuan eta Jone Ibañezek ere gola sartu zuen 80. minutuan.

Emaitza horren ondorioz, Leioako Emakumeek 12 puntu dituzte eta jaisteko postuetan daude, Pauldarrak eta Capiscol taldeakaz berdinduta. Puntu batera Eibar eta Nuestra Señora de Belen dituzte eta hirutara Mariño eta San Inazio.

Datorren aste-akabuan ez da ligarik izango eta, beraz, datorren partida hilaren 30ean edo 31n izango da. Leioaztarrei Huescara bidaiatzea egokituko zaie, puntu bakar bat bilduta ligako azkena den Peñas Oscenses-en aurka jokatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun