Lanok sei hilabete inguru iraungo lukete. Gero, igogailua ipintzea Leioako Udalari dagokio; bigarren fase horrek bi milioi euroko aurrekontua dauka. Rodriguezek aitortu duenez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak 800.000 euro inguruko diru-partida gordeta dauka horretarako. «Jaurlaritzaren lanak hasi bezain laster aterako genuke igogailuaren lizitazioa, obra batzuk bukatu eta besteak hasteko», udal agintariak aurreratu duenez. Hirugarren fasean, babes ofizialeko etxeak altxatzea aurreikusita dauka Eusko Jaurlaritzak. Change.org-en bidez, 750 lagunek baino gehiagok sinatu dute, igogailua eskatzeko.
Jolas-parkeak estaltzea
Eguraldi txarra egiten duen egunetarako, umeentzako jolas-parkeetako batzuk estaltzea aurreikusi dute udal agintariek. Iban Rodriguez alkateordeak azaldu duenez, "aurreko agintaldian ezin izan genuen egitasmoa aurrera eraman; baina, aurten, gutxienez, bat estali gura dugu". Eskuartean hainbat aukera daukate: "tokian tokiko auzokideakaz berba egin gura dugu, euren leihoen parean estalpea edukitzeko prest egongo liratekeen galdetzeko". Aurrerantzean, udalerriko gune bakoitzean estalitako jolas-parke bat egotea gura dute agintari leioaztarrek. Hori aldarrikatuz, ia 800 sinadura batu dituzte auzokideek.