Olinpiadako lehen fase honetan 2015-2016 ikasturtean Batxilergoko ikastetxeetan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek parte har dezakete. Probak lehenengo eta bigarren mailetako Batxilergoko edukiakaz erlazionatuta daude. Biologiako Olinpiadaren eskualde maila EHUko Biologia irakasle hauek antolatu dute: Adrian Odriozola, Ana Puente, Sergio Seoane, Beñat Zaldibar eta Nerea Fernandez.
Eskualde mailako fase honetako lehenengo hiru postuak lortzen dituztenek Espainia mailako fasean lehiatuko dira, Vigon, apirilaren 7tik 10era bitartean; bigarren fase horretako irabazleen hurrengo zita Hanoin (Vietnam) izango da. Uztailaren 17tik 24ra arte Nazioarteko XXVII. Olinpiada egingo da bertan. Azkenik, irailean, Brasilen jokatuko da X Olinpiada Iberoamerikarra.