Leioako EH Bilduren berbetan, "herritarren parte-hartze barik egindako aurrekontuak dira; eurak dira sufritzen dutenak". Horren adibidetzat jarri zuten Udalak kiroldegietako tasak igo izana. Salatu zutenez, "azpikontratatutako enpresetan gastatuko den diru-kopurua lau milioi euro baino gehiagokoa izango da; berriro ere esku pribatuetan utziko dute zerbitzu publikoen kudeaketa". Udalkutxari buruz, Udalak "1.029.733,69 euro bueltatu" beharko dizkiola berretsi zuten zinegotzi ezkertiarrek; "hainbat arloren aurrekontuan murrizketak ekarriko ditu horrek", kritikatu zutenez. EH Bildukoen ustez, "atzerakoiak" dira atzo onartutako aurrekontuak.
Zenbakiak
- Leioako Udalak 33.962.901,32 euroko aurrekontua edukiko du; iaz baino %2,08 handiagoa.
- Soinu Atadia Fundazioa (Leioako Udal Musika Eskola) erakunde autonomoak 2.201.603,00 euroko aurrekontua edukiko du; iaz baino %4,95 handiagoa.
- Euskararen Erakundeak (Mastitxu Udal Euskaltegia) 1.090.157,29 euroko aurrekontua edukiko du; iaz baino %2,86 handiagoa.
- 2016ko aurrekontu bateratua 35.406.942,50 eurokoa da; 2015ean baino %1,72 handiagoa. Udal iturriek azaldu dutenez, aurrekontu bateratua zein den jakiteko barne-transferentzien diru-kopurua kentzen zaio.