Erika Bilbao leioaztarraren epaiketaren kontrako ekimenak egingo dituzte laster

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 3a, 17:48
Erika espetxean zela, omenaldia egin zieten bere senideei.

Maiatzaren 17an hasiko da, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Erika Bilbao Barcena eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa; Ekin erakundeko kidea izatea egotzita, Estatuko Fiskaltzak bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatu du leioaztarrarentzat. Hala, "epaiketa politikoak" salatu zein eskubide zibil eta politikoen alde egiteko, plataforma zabal bat osatu dute bere herrian; Leioa Libre ekimenak otsailaren 11n, eguena, egingo du lehenengo ekimen handia. Egun horretan, "Atera gabeko arantzak. Garbitu gabeko zauriak" dokumentala aurkeztuko dute, 19:30ean, Kultur Leioako entzungelan. Daborduko gonbidapenak jaso daitezke Kultur Leioan bertan, Udondo tabernan, San Bartolome auzoko kultur etxeko tabernan, Menoyon, Txopera Berrin, Reinetan, La Kazun, Ganekon eta Kurkudin. Otsailaren 12an, barikua, eskualde mailako manifestazioa egingo dute, 20:00etan, Leioako Boulevard-etik abiatuta.

Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika Bilbao Barcena leioaztarra (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritar. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak. Hain zuzen ere, torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat otsailaren 11n aurkeztuko duten dokumentala: Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak horretaz berba egiten du ikus-entzunezkoan eta Erika Bilbao bera elkarrizketatzen du horren inguruan. Leioaztarraren psikologoa da Barrenetxea.

Hain zuzen ere, auzipetuek egindako tortura salaketek esangura handia edukiko dute maiatzaren 17an abiatuko den epaiketan, Sopelako psikologoak adierazi duenez; "torturen bitartez, euren buruen kontra egindako zein gainontzeko atxilotuek kontrako erruztapenetan oinarrituta daude akusazioak", Barrenetxeak dioenez.

Elkarrizketa HIRUKAn

Kultur Leioara joaterik ez daukatenek zein argibide gehiago gura dutenek, bihar goizean irakurgai izango dute Olatz Barrenetxea psikologoari egindako elkarrizketa, HIRUKA astekarian; eta egun batzuk beranduago HIRUKA.EUS-en.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun