Guardia Zibilak 2010eko irailaren 14an atxilotu zituen Erika Bilbao Barcena leioaztarra (2012ko uztailaren 25ean atera zen espetxetik) eta beste zortzi euskal herritar. Polizien eskuetan bost egun egin zituzten inkomunikazio egoeran; "tortura basatiak" salatu zituzten denak. Hain zuzen ere, torturak pertsonarengan daukan eragina dauka oinarritzat otsailaren 11n aurkeztuko duten dokumentala: Olatz Barrenetxea Larrondo psikologo sopeloztarrak horretaz berba egiten du ikus-entzunezkoan eta Erika Bilbao bera elkarrizketatzen du horren inguruan. Leioaztarraren psikologoa da Barrenetxea.
Hain zuzen ere, auzipetuek egindako tortura salaketek esangura handia edukiko dute maiatzaren 17an abiatuko den epaiketan, Sopelako psikologoak adierazi duenez; "torturen bitartez, euren buruen kontra egindako zein gainontzeko atxilotuek kontrako erruztapenetan oinarrituta daude akusazioak", Barrenetxeak dioenez.
Elkarrizketa HIRUKAn
Kultur Leioara joaterik ez daukatenek zein argibide gehiago gura dutenek, bihar goizean irakurgai izango dute Olatz Barrenetxea psikologoari egindako elkarrizketa, HIRUKA astekarian; eta egun batzuk beranduago HIRUKA.EUS-en.