Leioako waterpolo taldeak, Euskadiko haur-selekzioaren buru

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 3a, 18:39

Euskadiko Selekzioak deitutako Leioa Waterpolo sei jokalariak, Irati Araujo ordezkoagaz. © LEIOA WATERPOLO

Datorren martxoaren 17tik 20ra jokatuko da Valladoliden Estatu espainiarreko erkidego autonomikoen arteko haurren waterpolo-txapelketa. Proba hori buruan, hilabeteak daramatzate lanean Euskadiko Waterpolo Selekzioaren pres­tatzaileek: Aitziber Ortega (Leioa Waterpolo), Joan Albella (Askartza) eta Mikel Ogara (Portugaleteko Nautika).

Pasa den azaroaren 15ean, Sakonetan umeentzako teknifikazio-saio egin ondoren, nesken eta mutilen taldeak fintzen ibili dira. Urtarrilaren amaieran, berriz, ezustekorik ezean, behin betikoak izan daitezkeen izenak zabaldu zituzten. Nesken taldean 13 jokalaritik seik Leioa Waterpolon jokatzen dute: Naroa Etxaniz, Maider Sobera atezaina, Nora Toledo, Erika Lopez Pastor, eta Espainiako txapelketan errepikatuko duten Ane Salazar eta Ane Arana. Seikote horretaz gain, Valladolidera bidaiatzeko aukera ere izan dezake Irati Araujo ordezko atezain leioaztarrak, Sobera edo Bidasoako Nerea Mitxelena lesionatzen bada, behintzat.

Gizonezkoei dagokienez, lau dira Euskadigaz jardungo duten Askartzako jokalariak: Alejandro Camara atezaina, Joseba Uriarte, Nicolas Gorbeña eta Iker Argote. Euskadiko Selekzioaren hurrengo entrenamendua otsailaren 28an izango dute, Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun