Yugo-Socuellamos partidagaz taulan gora egin gura du Leioak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 16:00

Denboraldi honetako argazki ofiziala. © LEIOA KIROL ELKARTEA

Leioako Kirol Elkarteko gizonezko lehen taldeak Ciudad Realgo Socuellamosen hamaikakoa hartuko du Sarrienan bihar, zapatuan, 17:00etan. Gaztelarrek daborduko Euskal Herrirako bidaia egiten dabiltzate.

Leioa zelairatuko da bihar zama astuna eroaten: zazpi jardunaldi daroatza garaipena ikusi barik, denboraldiko bere boladarik okerrenean. Halere, gogoratu beharra dago sailkapenaren buruagaz izan ezik,  beste zazpirik onenakaz jokatu duela Leioak. Bolada txar horren aurretik metatutako puntu-koltxoia da oraindino Leioa jaitsiera postuetatik kanpo mantentzen duena.

Joaneko partidan, Socuellamosen Paquito Gimenez futbol-zelaian, leioaztarrak estreinatu zuten markagailua, Guemesen tanto bati esker. Halere, bertakoek irauli egin zuten partida eta 2-1 irabaztea lortu zuen. Partida hartan Curbelo kanporatu zuten epaileek eta leioaztarren aldagela lesionatuez bete zen: Lutxok jokatu barik jarraitzen du; Goiko ondoko ospitalera anbulantziaz eroateko zorian egon zen, buruan hartu zuen kolpe gogorraren eraginez, kontzientzia galdu eta amnesia pairatu zuelako; Angel atezainak ere buruko talka pairatu zuen, Socuellamosko aurrelari batek kolpatuta.

Bueltako autobusak erizaindegia eman eta Ciudad Realgoa laugarren galera segidan izan arren, leioztarrak pozik egon ziren jokatutako partidagaz. Izan ere, Paquito Gimenezen joko ona erakutsi zuten Sarrienakoek aurreko hiru dematan ez legez; Sestao River, Arenas eta Toledoren aurkako norgehiagokak etsigarriak izan ziren zaleentzat, baina baita jokalari eta teknikoentzat ere. Orduan, Ciudad Realgo partida inflexio-puntua izan zen leioaztarrentzat; ondoren Getafe eta Fuenlabrada gainditu zituzten.

Bigarren buelta honetan, Leioa 15. sailkatuta eta jaisteko play-offetik puntu bitara dagoenean (25 ditu), Igor Gordobilen gizonek espero dute oraingoan ere biharko partidak bultzada hartzeko baliagarria izatea, "bai puntuei dagokienez baita futbol-sentsazioei ere".

Socuellamos, ordea, taularen erdian dago, hamargarrena da, 31 puntu ditu eta igoera play-offetik zazpira dago. Ciudad Realgoak puntu gehiago batu dituzte kanpoan, etxean baino. Pasa den domekan 3-0 hartu zuen mendean Portugalete, Ocaña, Garcia eta Quiquek gol bana sartu zutela. Halere, golegile nagusia Javi Gomez da, ligan 11 tanto eta kopan bakarra sartu dituena.

Neguko azokan, gaztelarrek hiru fitxaketa egin dituzte; eguaztenean aurkeztu zituzten Salva, David Sevilla eta Omar Alvarez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun