Euskal Herriko Unibertsitateak 2016ko aurrekontuen proiektua onartu du

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 18:53

Leioako campusa. © EHU

EHUko Gobernu Kontseiluak 2016ko aurrekontuen proiektua onartu du gaur; zenbatekoa 402.757.095 eurokoa da. 2015ean onartu zena, ostera, 396.557.681 eurokoa zen. Beraz, %1,56ko igoera dago. Aurrekontu-aurreproiektuak aldeko 26 boto, kontrako 3 eta 6 abstentzio jaso ditu.

Zenbateko horretatik Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz 307.901.095 euro, hau da, aurrekontuen %76,45, EHUko iturriek nabarmendu dutenez. 2015ean, ostera, atal horretan 303.170.804 euro zeuden; aurrekontuaren %76,50. Aipatutako diru-kopurua honela banatzen da: ekarpen arrunta (276.359.872 euro. Barruan dago 2012ko abenduko aparteko soldatei dagokien kopurua: 2.800.000 euro eta pertsonalaren ordainsarien %1eko igoera); programa-kontratuak (31.041.223 euro) eta hainbat urtetarako inbertsio plana (500.000 euro).

Aurrekontu orokorretatik datorren ekarpenagaz batera daude: beste sarrera batzuk, eskubide publiko edo pribatuetakoak (tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuakaz egindako kontratuak eta abar). Denera, 94.400.000 euro. Sarrera horiek aurreproiektuaren %23,44 dira; 2015ean, ostera, 93.150.000 eurokoak (%23,50) izan ziren sarrerak. Horrez gainera, EHUk 456.000 euro bideratu ditu Gizarte Kontseilura (2015ean, 236.877 euro).

Gastuei dagokienez, langileen atalerako 308.891.573 euroko aurrekontua dago. Kopuru hori aurrekontu osoaren %76,69 da. Gainerako %23,31 ondokoak hartzen ditu: ikerketa; ohiko funtzionamendua; errektoreordetzetako, ikastegietako eta sailetako jarduerak; eta ekipamenduko inbertsioak.

Berri ona

Iñaki Goirizelaia errektorearen berbetan, "aurrekontuak onartzea beti da berri ona; erakunde batentzat ez dago aurrekontu gabeko egoera baino okerragorik. Krisi ekonomikoa pairatzen gabiltzan honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak tinko egin du lan ahalik eta zerbitzu onena bermatzeko, euskal gizartearekiko dugun konpromisoa betez. Gure aburuz, bederen, agerian geratu da unibertsitatearen finantziazio eredua aldatu beharra”.

Eta erantsi du: "ahalik eta unibertsitaterik onena egiten jarraituko dugu, egingo dugu. Euskal gizarteak gure esku jartzen dituen baliabideekin eta unibertsitateak berak lortzen dituen kanpo baliabideekin, ahalik eta unibertsitaterik onena egingo dugu. Hori da helarazi nahi nizuen azken mezua: aurrekontu aurreproiektua onartu dugun arren, dauzkagun mugen jakitun gara eta, gure esku dagoen guztia egingo dugu euskal gizarteari eraiki dezakegun unibertsitaterik onena eskaintzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun