Horregaz, gazteen laneratzeko aukerak hobetzea eta enpresek dituzten beharrei erantzutea lortu gura dute. "Neska-mutilei eta enpresei tutoretza bidezko jarraipen eta laguntza-zerbitzu zehatza eskainiko zaie, proiektua bideratzeko", udal iturri leioaztarrek adierazi dutenez. Izan ere, diotenez, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte euren esparruetako ikasketakaz lotutako lanpostuak aurkitzeko.
Hazilanek hartzaile talde bi dauzka: batetik, 20-35 urte dauzkaten neska-mutilak, LHko goi-zikloko edo unibertsitateko ikasketak amaituta dauzkatenak eta langabezian daudenak; eta bestetik, proiekturen bat burutu edo landu gura duten enpresak.
Gazte kualifikatuek, lehendabizi, "aktibatu" urratsa egingo dute; zeharkako konpetentziak landuko dituzte, talde autogestionatu eta banakako jarraipenaren bidez. Horregaz batera, prestakuntza jasoko dute (on-line eta aurrez aurreko jarraipen saioakaz). Ondoren, enpresetako proiektuak lantzen hasiko dira.