Gazte kualifikatuak laneratzeko ahalegina egingo du Leioako Behargintzak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 8a, 13:14

Gazteak eta enpresak harremanetan jarriko ditu Hazilan egitasmoak. © LEIOAKO UDALA

Leioako Behargintza zentroak Hazilan proiektua jarri du martxan; lanik ez daukaten udalerriko gazte kualifikatuei eta herriko enpresei zuzenduta dago. Egitasmoak bost urteko iraupena edukiko du; 2016an hasi eta 2020an amaituko da. Udal iturri leioaztarrek azpimarratu dutenez, EAE mailako Garapen elkarteak koordinatuko du Hazilan. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 20 garapen-agentziek parte hartuko dute, tartean Leioako Behargintzak. Egitasmoaren helburua da lan barik dauden neska-mutilei zeharkako konpetentzietan prestakuntza ematea, horiek goi-mailako ikasketak eduki arren. Bide batez, proiektu bat bideratu gura duten enpresatan gazte horiek kokatuko dituzte, hainbat eratara (praktikak, lanpostuan bertan prestakuntza, proiektu berriak, eta abar).

Horregaz, gazteen laneratzeko aukerak hobetzea eta enpresek dituzten beharrei erantzutea lortu gura dute. "Neska-mutilei eta enpresei tutoretza bidezko jarraipen eta laguntza-zerbitzu zehatza eskainiko zaie, proiektua bideratzeko", udal iturri leioaztarrek adierazi dutenez. Izan ere, diotenez, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte euren esparruetako ikasketakaz lotutako lanpostuak aurkitzeko.

Hazilanek hartzaile talde bi dauzka: batetik, 20-35 urte dauzkaten neska-mutilak, LHko goi-zikloko edo unibertsitateko ikasketak amaituta dauzkatenak eta langabezian daudenak; eta bestetik, proiekturen bat burutu edo landu gura duten enpresak.

Gazte kualifikatuek, lehendabizi, "aktibatu" urratsa egingo dute; zeharkako konpetentziak landuko dituzte, talde autogestionatu eta banakako jarraipenaren bidez. Horregaz batera, prestakuntza jasoko dute (on-line eta aurrez aurreko jarraipen saioakaz). Ondoren, enpresetako proiektuak lantzen hasiko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun