Sariaren berri Jose Ignacio Gomez Mardones Federazioko presidenteak eman du. Saria "ondo merezita" delakoan, Leioa Kirol Elkartea harro agertu da Azkueta "klub honek izan dezakeen enbaxadorerik onenetarikoa" delako.
Azkueta Leioa Kirol Elkartean ibili da taldearen berpizkundetik, 1974tik. Lehenengo urtean Leioako presidenteak kargu utzi zuenean berak hartu zuen ardura: "presidenteak utzi zuen eta inork ez zuen bera ordezkatu gura. Kluba desagertzeko zorian zegoen eta nik ez nuen gustuko hori. Ni taldeko jarraitzaile soila nintzen eta ez nuen presidente izateko asmorik, baina bestela taldea hondoratzera zihoala ikusi nuen". 17 denboralditan klubeko presidente izan zen eta hortik aurrera hainbat arduratan lagundu du. 73 urtegaz jo eta ke jarraitzen du, futbol-eskola gidatzen.