Gobernu ireki eta parte-hartzailearen ereduaren bidean jarraitzen du lanean Leioako Udalak, "herritarren partaidetzari hauspoa emanez", adierazi dute agintari leioaztarrek. Horrela, inplikazio eta erantzunkidetasunezko kultura sustatu gura dute; eta aldi berean, informazio, iritzi eta partaidetzarako espazioak hobetu eta indartu.
Oraingoan, partaidetza-prozesu horien diagnostikoa egin gura du Udalak. Leioaztarren iritzia ezagutzeko inkestak egiten dabiltza; horrez gainera, udal talde politiko eta teknikoei zein herriko elkarteei elkarrizketak egiten hasi dira, ikuspegi zabal eta globala edukitzeko. "Ondorengo azterketak existitzen dena ebaluatu eta existitzen ez dena sortzeko balio izango du", euren ustez.