Aukeratu dituzte Leioako Umore Azokan parte hartuko duten taldeak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 16a, 09:16

Maitagarri batek irudikatuko du kale-arteeen azokak maiatzaren 19tik 22ra Leioan eragingo duen transformazioa. © UMORE AZOKA

Umore Azokak inoiz baino eskaera gehiago jaso ditu maiatzaren 19tik 22ra bitartean izango den 17. ediziorako: 424, guztira. Proposamen denak ikusi eta aztertu ostean, 51 konpainia aukeratu ditu Leioako kale-artisten azokako zuzendaritzak; Euskal Herrikoak dira 20, Estatukoak 19  eta 12 nazioartekoak, Umore Azokako iturriek zehaztutakoaren arabera.

"Euskal taldeek Leioako plazaren alde apustu egiten jarraitzen dute; antzerki, dantza, eta zirku-ikuskizun berrienak aurkeztuko dituzte", adierazi dute Umore Azokatik. Asko erabateko estreinaldiak izango dira, gainera. Atzerriko taldeei dagokionez, Frantziako konpainiek inoiz baino toki handiagoa edukiko: 8 talde frantziarrek parte hartuko dute; horien artean aski ezagunak dira batzuk, kale-arteetan ibilbide luzea duen Le Golous taldea, kasu. Baina, Estatutik ere etorriko direnen artean bada berrikuntzarik. Andaluziatik 5 zirku-konpainia egongo dira Umore Azokan. Bestalde, Kataluniako taldeek ere jarraitzen dute azoka erreferentzialtzat hartzen. Horren froga da Leioan izango den konpainia kataluniarren kopurua: 8 talde, denera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun