Zabalik dago Iñaki Saez Aste Santuko campuserako izen-ematea

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 16a, 16:40

Iñaki Saez campusaren artxiboko irudia. © IÑAKI SAEZ CAMPUSA

Aste Santuan, Iñaki Saez futbol-campusa egingo da Leioako Sarriena futbol-instalazioetan. Leioako kirol-elkarteak zabaldu duenez, izen-ematea zabalik dago daborduko, eta inskripzioa martxoaren 18ra arte egin ahal izango da. Halere, txanda bakoitzean gehienez jota 120 jokalari onartuko dituzte eta, beraz, komeni da ahalik eta lasterren inskripzioa egitea. Lagun Artea futbol-eskolako jokalariek prezio bereziak izango dituzte (60 euro lehenengo txanda; 90, bigarrena; eta 150, biak), Leioan erroldatutako gaztetxoek edo aurretik campusean ibilitakoek eta, batez ere, Leioatik kanpo erroldatutakoek gehiago ordaindu beharko dute, gehienez jota 220 euro. Eskaeraren arabera, campusak autobus zerbitzua jar dezake.

Leioako klubak 2008tik antolatzen du futbolean hobeto aritzeko campusa, eta Iñaki Saez Athleticeko jokalari eta entrenatzaile beraren laguntza izan du.

Aurten, 2002 eta 2011 bitartean jaiotako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute, beti ere "futbolari gisa euren gaitasuna hobetu eta oporren amaiera futbolagaz lotutako formakuntza eta jarduera ludikoen bidez gozatu gura badute", Javier Landeta buru duen klubak zabaldu duenez. Ohi den legez, txikien formakuntzaz Sarrienako prestatzaileak arduratuko dira. Eta ohikoa da Athleticeko jokalariek bisitaren bat egitea.


Ume eta gaztetxoak txanda bitan banatuko dira: lehenengoa martxoaren 21etik 23ra izango da, eta bigarrena, martxoaren 29tik apirilaren 1era. Campusa goizetan bakarrik izango da, honako ordutegiei jarraiki: goizeko 08:00etatik 09:15era, neska-mutilen harrera eta jagotea, jarduerak hasi bitartean; ondoren, 10:45ak arte, entrenamenduak motrizitatea eta norbanako teknika hobetzeko; hamaiketakoa; 11:15etik 12:30ak arte, bigarren entrenamendua, joko-interpretazioa hobetzeko; 12.30etik 13:45era, futbol joko ludikoak; eta 14:15ak arte, jokalarien irteera.

Asko dira Iñaki Saez campusak bete gura dituen helburuak, tartean: jokalarien abilidade tekniko-motrizeak eta taktikoak hobetzea; jardueretan euskara sustatzea; Bizkaiko beste campus batzuekaz elkarlana garatzea; edota futbolagaz lotutako beste ekimen ludikoak bultzatzea: futbol-tenis, trebetasun-txapelketak eta abar.

Iñaki Saez Aste Santuko Campusaren gaineko argibide denak erantzungo ditu Bittor Llopis zuzendariak, 675 533 528 telefonoan eta campusleioa@yahoo.es posta elektronikoan.

Atezainen campus propioa

Gabonetan jasotako eskaera kopuru handia dela-eta, aurten neska-mutilek ez dute udara arte itxaron behar izango atezainen Vicente Biurrun campusa egiteko. Athletic, Reala eta Osasunaren atezain ohiaren campus horrek bat egingo du Iñaki Saezen omenezkoaren data eta orduakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun