Kutur Maratila aurkeztu dute, hitzorduak hurrengo aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 19a, 15:30

Artedrama plataformak eta Kultur Leioak bosgarrenez antolatu dute Kultur Maratila, euskal sorkuntzari begirako zikloa: sei ikuskizunek osatzen dute egitaraua.

Otsail amaieran, maratila askatu eta euskal kultur sormen freskoa sartuko da Kultur Leioara. Aurten, lau eguneko zikloa antolatu du Artedrama arte eszenikoen plataformak, Kultur Leioagaz elkarlanean. Otsailaren 25ean hasi eta hilaren 28ra bitartean, sei ikuskizunek osatuko dute egitaraua. "Euskal sorkuntzaren plaza, askotariko artistek eta publikoak bat egiten duten espazioa" zabaltzeko eta  ezagutarazteko helburuagaz; horregaz gozatzera gonbidatzen du Kultur Maratilak.

Antzerkia, film eszenikoa, musika, literatura eta dantza izango dira aurtengo protagonistak. Eguenean, "Zerura Eroria" antzerki-lanaren estreinaldi ofizialagaz zabalduko du Anodino Teatroa taldeak Maratila; hitzordua 20:30ean ipini dute, eta sarrera, 8 euroan. Barikurako, zita bikoitza iragarri dute: 20:30ean Khea Ziater taldearen "Malmö" film eszenikoa ikusteko aukera egongo da; horretarako sarrera, 8 euroan; eta 22:00etan, "Gau Beranduan" musika eta literatura ikuskizuna eskainiko dute Harkaitz Cano idazleak, Petti eta Joxan Goikoetxea musikariek; sarrera 6 euroan ipini dute. Zapatuan ere emanaldi bi izango dira: 20:30ean hasiko da Idurre Azkue dantzariak eta Joseba Irazoki musikariak osatu duten "Dantza gurea" lana, hori ikusteko sarreren prezioa 6 euroan dago. Ostean, 22:00etan, Joseba B. Lenoir Gang-en kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute 8 euroko sarrera erosten dutenek. Eta Maratila itxiko du domekan, 19:00etan, Txalo Produkzioak-ek taularatuko duen "Heroiak" antzerki-lanak; sarrera: 10 euro.

Kultur Maratilarako bonua

Hiruzpalau ikuskizun edo denak ikusteko asmoa daukanak bonua ere izango du aukeran: sei ikuskizunetarako sarrera, 30 euroan, eta, gainera, Kultur Maratilaren kit bat opari.  

Ikuskizunak BANAN-BANAN:

Eguena, hilak 25

"Zerura eroria"
Antzerki-lana
Anodino Teatroa
Estreinaldia

20:30ean
Auditoriumen
8 euro
Iraupena: 60 min

Mikel Fernandinok idatzitako obra labur bat aurkeztuz hasi zen guztia, 2014ko ekainean Pabellón 6ko Antzerki Laburren II. Jardunaldietan. Zeru kapitalistaren kapritxoak jasan behar dituen hilotz gizajo bati buruzko dibertimendu burugabea izan zen Dios © obra. Pieza labur horrek oso harrera ona izan zuenez, muntaia luzeago eta landuagoa egitera animatu zituen, umore beltz, absurdo eta histrionikoan murgiltzeko asmotan. Barre egitea, algaraka. Beste barik. Eta horrek dakarren guztiarekin. Hortik sortu zen Anodino Teatroa, 2015eko maia­tzean. Zerura eroria dugu Anodinoren lehen lana.

TESTUA: Mikel Fernandino
ZUZENDARITZA: Pablo Ibarluzea
ZUZENDARITZA LAGUNTZAILEA: Leire Orbe
ANTZEZLEAK: Florentino Badiola, Aiora Sedano, Aitor Fernandino
EUSKARARA ITZULPENA: Iñaki Ziarrusta
JANTZIAK: Ane Pamparacuatro


Barikua, hilak 26

"Malmö"
Antzerki-lana
Khea Ziater

20:30ean
Aditoriumen
8 euro
Iraupena: 60 min

Askotan, bi pertsonaren arteko harremana kolorez aldatzen da gutxien uste denean, kolpez; hitz bat, gertakari bat, aski da horrelako zerbait harremana errotik aldatzeko.

"Malmö" antzezlanak aldaketa hori jartzen digu begien aurrean, oholtzara eraman dituzten beste pieza batzuen ildo beretik. Bi lagunen arteko traizioa eta ondorengo mendekuaren inguruan marraztutako erretratua. Gorrotoa eta sentipen kutsatuenak azaltzen diren momentutik barkameneraino iristen den bidaia, elkar ulertzea gurutzatuz.

Arlo estetikoan zein narratiboan antzerkia eta zinema lotzen dituen kodeen bilaketan oinarritzen den proiektu independiente bat da Khea Ziaterrena. Orain arte egitasmo honen emaitza bezala jaiotako ikuskizun guztiak sorkuntza originalak dira eta nahiz eta lengoaia ez konbentzional batetik gertu egon, publikoaren konplizitatea lortzen dute pentsatzen eta sentitzen dugunari buruz aritzen direlako.

ZUZENDARITZA: Alex Gerediaga
KOREOGRAFIA ETA ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: Arrate Etxeberria
ANTZEZLEAK: Maria Urcelay, Ainhoa Jauregi
JANTZITERIA ETA ESZENOGRAFIA: Azegiñe Urigoitia


"Gau beranduan"
Literatura eta musika emanaldia
Harkaitz Cano, Petti, Joxan Goikoetxea

22:00etan
Erakusketa gelan
6 euro
Iraupena: 60 min

Harkaitz Cano idazlea, Petti kantaria eta Joxan Goikoetxea musikaria elkartzen ditu “Gau beranduan” proiektuan. Poesia eta musika saio “noktanbulo” honetan istorioak, pertsonaiak, mamuak edo ametsak uxatzen eta erakartzen dituzte gure hiru gaueko hontzek.

Eraldatu egiten dira paisaiak gau-beranduan. Eder zena beldurgarri bihurtzen da eta beldurgarri zena eder. Giza-piztiak ere berdin: izango da soseguaren bila erretiratuko denik eta baita ehizakiaren xerka abiatuko denik ere. Egunak utzitako nekeak ez du disimulurako tarterik uzten gau-beranduan. Kantu eta poema zaharrak, bertsioak eta emanaldirako espresuki ondutakoak. Malenkoniak bai baitu bere amorrua. Eta amorruak bere malenkonia. Gau-beranduan eta ilunpeen bihotzean. Egunsentia urratu arte.
MUSIKARIAK: Harkaitz Cano (ahotsa), Petti (ahotsa, gitarra), Joxan Goikoetxea (ahotsa, pianoa)

Zapatua, hilak 27

"Dantza Gurea"
Dantza eta musika ikuskizuna
Idurre Azkue eta Joseba Irazoki

20:30ean
Anbigun
6 euro
Iraupena: 50 min

Gorputza musikaren eta soinuaren esanetara dago, eta musika eta soinua, gorputzaren esanetara. Gorputza bera soinu-tresna bihurtzen da, soinua eta erritmoa sortuz, lurraren kontra kolpatuz, adibidez, edo bi gorputz-atalen talkarekin.

Soinuaren bibrazioak, gorputzari nola eragiten dioten aztertzen saiatuko dira Idurre Azkue dantzaria eta Joseba Irazoki musikaria eta, aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar, eta harengan zer arrasto uzten dituen. Dantzaria dantza garaikidearen klixe, estereotipo eta ohiko formetatik ihes egiten saiatuko da, eta hori gertatzen den bitartean antzeztokian hainbat tresna agertuko dira. Bi artistek elkar eraginez jardungo dute, mugimenduarekin bat eginez eta tresna horiekin soinua eginez.
Josebak eskainitako kontzertu dantzatua. Idurrek dantzaturiko musika kontzertua.

ZUZENDARITZA ETA KOREOGRAFIA: Idurre Azkue.
MUSIKA: Joseba Irazoki.
ARGIZTAPENA: Marc Cano.
JANTZITERIA: Alberto Sinpatrón.

Joseba B. Lenoir Gang
Kontzertua
Joseba Baleztena (ahotsa eta gitarrak), Ander Mujika (gitarrak eta ahotsak), Miren Narbaiza (gitarrak eta ahotsak), Xan Bidegain (baxua), Felix Buff (bateria eta perkusioa).

22:00etan
Auditoriumen
8 euro

2015eko martxoan proiektu berri hau abiatu zuen Joseba B. Lenoir Gangek, non Wilis Drummond taldeko Felix eta Xan Napoka taldeko Miren eta Ander, Joseba Baleztena musikariari laguntzen diote.

Berako musikari honek bakarlari moduan egindako proposamenetik sortutako taldea. 2011tik dabil bere folk eta pop pausatuenak eskainiz, eta orain urrats bat gehiago ematen du artista moduan eta talde oso bat gehitzen du, “Tenpesta” bere azken laneko konposizioetan eta Izar & Star zikloan elkarrekin interpretatu zituzten bertsioetako batzuetan oinarritutako errepertorioarekin.

Domeka, hilak 28

"Heroiak"
Txalo Produkzioak

19:00etan
Auditoriumen
10 euro
Iraupena: 70 min

Gerrako hiru beterano soldadu ohien egoitza batean bizi dira. Enrique herrena da, Gustavok agorafobia du eta Felipe maiz zorabiatzen da, buruan daukan metraila puska bat dela medio. Gerrako zauriak. Gure hiru heroiek (lau, zerrendari gehitu ezkero txakur baten harrizko estatua txiki bat) erabaki dute bizi diren egoitzatik ihes egin behar dutela. Nora ordea? Indotxinara? Alboko herri batera? Ala mendi tontor batera, lertxunen artean haizea dabilen toki batera?

Txalo Producciones-en eskutik heltzen da Leioara Gérald Sybleyras antzerkigile frantsesaren “Le vent des peupliers” (Haizea lertxunetan) izeneko lanaren euskarazko bertsioa, Ramon Agirrek egina. Lau izendapen izan zituen Sybleyrasen lanak Molière sarietan, eta bere ingelesezko moldaketak, Tom Stoppardek eginak, komedia onenaren Laurence Olivier saria irabazi zuen 2006an.

Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean, hiru euskal aktore bikainek Interpretatzen dituzte hiru “heroi” horiek.

EGILEA: Gérald Sableras.
ITZULPENA: Ramón Agirre.
ZUZENDARITZA: Begoña Bilbao Lejarzegi.
ANTZEZLEAK: Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga, Ramon Agirre.
ESZENOGRAFIA: Asier Sancho Senosiain.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun