"Fakultateko botere harremanak borrokatzeko" modu bat bezala ikusten du espazio huts horren okupazioa Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle-asanbladak; ikasleen mesedetan eraiki gura dute gunea, ikasketa kolektiboaren bidez hezkuntza kritikoari lekua eginez. "Lehiakortasunaren aurka eta lankidetzaren alde egingo dugu, patriarkatuaren aurka eta parekidetasunaren alde, jabetza pribatua borrokatuz eta kolektiboa eraikiz", azaldu dutenez.
Jakinarazi dute hasiera batean "espazioaren birmoldaketan eta unibertsitate eremuko autoritateen erasoak erantzuten" egin beharko dutela indar gehien. Halere, hasieratik hasiko dira dinamikak gauzatzen. Espazio bizia eraikitzeko ezinbestekotzat jotzen dute inguruko jende guztiaren ekarpena, eta azaldu dute fakultateko zein unibertsitateko ekimen herrikoiek espazio berrian parte hartzeko aukera izango dutela.