Leioako Pop Rock lehiaketarako izen-ematea, zabalik

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 24a, 17:05

Iaz Guda Dantza taldeak jaso zuen talde leioaztarrik onenari saria. © GUDA DANTZA

Aterpe Leioa Gazteguneak aurkeztu ditu daborduko XVI. Pop Rock Lehiaketaren oinarriak. Parte hartu gura duten musika-taldeek apirilaren 8ra arteko epea izango dute, gutun-azal batean eta posta ziurtatu bidez, gutxienez bost abesti dituen CDa helarazteko. Parte-hartzaileek izena eman beharko dute modalitate bietako batean: pop-rock ala metal. Sariketaren lehenengo fasean, hau da, maiatzaren 5erako, epaimahaiak kategoria bakoitzeko bandarik onenak aukeratuko ditu, jasotako disko denen artean, eta aukeratuek, musika-talderik onenek San Juan jaietan joko dute, bigarren fase horretan erabakiko da irabazlea.

Lehiaketaren oinarrietan agertzen den legez, antolatzaileek erabakiko dute kontzertu horien datak eta ordutegiak. Hala, metal zein pop-rock sailetako irabazleek 1.200 euroko sari bana jasoko dute. Horrez gainera, euskarazko abestirik onena ere sarituko dute, 600 eurogaz. Aurreko edizioetan bezala, gura duten talde denek sariketan parte hartzeko aukera edukiko dute, disko bat baino gehiago kaleratu eta aurreko edizioetan sari nagusiren bat irabazi dutenek izan ezik. Betiere, gutxienez, taldekide bi 14 eta 35 urte bitartekoak badira. Adin txikikoek gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dute.

CDarekin batera, parte-hartzaileek izen-emate orria bete eta bidaliko dute, eskatutako datu guztiekin, gutun-azalean ondokoa jarriz: Leioako XVI. Pop Rock Lehiaketa. Aterpe Leioa Gaztegunea. Aldapabarrena, 2. 48940 Leioa. Bizkaia. Diskoan bertan taldeen izena agertzeaz gain kanten izenburuak ere idatzi beharko dira. Horrekin, sanjuanetako finalera igarotzen diren taldeak aukeratuko dituzte.

Sariak

Metal saileko irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, Pop Rock kategoriako bandarik onenaren antzera. Lehiaketako talderik onenak, ostera, beste 400 euro jasoko ditu. Bitartean, Udalak 600 euro emango dizkie musikari leioaztar onenei eta Euskara Zerbitzuak beste 600 euro gure hizkuntzan kantarik hoberena aurkezten dutenei. Azken bi horiei ere jaietan jotzeko aukera emango diete. Bi sari horiek maiatzaren 5ean ezagutaraziko dituzte.

Argibide gehiagorako: 944 055 850 / gazte@leioa.net

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun