Erreinu zaharreko ordezkariei gogoz aurre egin beharko die Egoitz Linazaren taldeak, bolada txarra apurtu gura badu, behintzat. Sarrienakoek azken lau partidak galdu egin dituzte, bigarren buelta hasi zenetik guztiak. Taulako lehenengo hiru taldeen aurka jokatu izanak badu horretan eragina, baina gol bakarra sartu dute eta euren atean 15 zenbatu dituzte. Balantze hori parekatu beharko dute, Bigarren Mailan jarraituko badute: une honetan gol gutxien sartu duen bigarren taldea da Leioako Emakumeak eta, aldi berean, tanto gehien jaso duen bigarrena ere.
Kategorian mantentzeko, batezbesteko gol kopurua emendatzea nahiko litzateke, Capiscol taldea arriskutik salbu baitago momentuz, Leioak dituen puntu kopuru beragaz, 12. Horregatik, liga amaitu aurreko bederatzi partidak finala balitz legez jokatuko dituzte, banan-banan.
Bere aldetik, Ardoi bosgarrena da sailkapenean, 29 puntugaz. 17 partidetatik 8 irabazi, 5 berdindu eta 4 galdu ditu. Azken bost partidetan ez dute bat ere galdu.