Diru-laguntzen deialdi horren barruan sartzen dira 2016an egingo diren proiektuak, betiere abenduaren 30a baino lehenago amaitu badira. Kultura- eta aisialdi-taldeen artean, 22.642,66 euro banatuko ditu Udalak; kirol elkarteentzat, berriz, 67.231,80 euroko diru-partida bideratu dute agintari leioaztarrek. Bestalde, oinarrietan aipatzen denez, sortu berriak diren elkarteei 300 euroko subentzioa eman diezaieke Udalak, inskripzio-gastuetan laguntzeko. "Hurrengo urteetan, martxan jartzen dituzten ekimenen jarraipena egingo da, eta horien arabera emango dira osteko diru-laguntzak", bertoko arduradunek gaineratu dutenez. Deialditik kanpo geratuko dira, beren-beregi, ikastetxeek antolatzen dituzten eskolako ordutegitik kanpoko jarduerak eta hezkuntza-zentroenak.