Leioako Euskal Kirol Zaleak taldeak 40. urteurrena hasiko du domekan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 5a, 16:50

Gaurko agerraldia.

Leioako Euskal Kirol Zaleak elkartea 1976 urtean sortu zen, eta bere 40. urtemuga ospatzeari ekingo dio domekan, idi-proben VI. emakume-sariketagaz batera. Egun horretan, Caritasen aldeko elkartasunezko indaba-jana ere egingo dute. Urtea amaitu bitartean, zaleek beste hamar jarduera izango dituzte aukeran.

Elkartasun-lapikokoa Bulebarreko "Stoan" egingo du elkarteak, dendariek emandako 35 kilo indaba eta 250 odolosteri esker, besteak beste. Gura dutenek bertan bazkaltzeko beta izango dute, 10 euroan. Daborduko, txartelak Leioako Merkatarien Elkarteko 13 dendatan eros daitezke. Halere, egun berean Bulebarrean salduko dituzte. Bestela, indaba eta sakramentuen tuperrak erosteko aukera ere egongo da, 5 euroan.

Arrastiz, Ondizko probalekuan, Ainhoa Ibarzabal, Amalur Arbelaitz eta Irene Artetxek euren idi-pareak gidatuko dituzte, 19:00etatik aurrera. Bazkaria eta idi probetara joan gura izanez gero, bietan parte hartu ahal izango da 18 euro ordainduta. Bestela, idi-probetarako sarrerak, 10 euro balio du bakarrik.

Goizeko ekimenetik zein arrastiko probatik lortuko dituen etekinak Leioa eta Lamiakoko Caritas erakundeari emango dio Leioako Euskal Kirol Zaleak elkarteak, Jose Luis Bilbao presidenteak gaur iragarri duenez, eguraldia legez: "domekan eguraldi ona izango dugu", agindu du Bilbaok.

Mari Carmen Urbieta Gonzalez Leioako alkateak leioaztar denei gonbita egin die domekan Bulebarrera hurbil daitezen, elkartasun-ekimena sustengatzeko. Gainera, Leioako herri-kirol elkartea zoriondu du eta "euskal kirolak herrian eta hemendik kanpo leku garrantzitsu batean" ipintzeko egin duen "lan sutsua" eskertu dio.

Mundu mailan erreferente

Bere aldetik, Jose Luis Bilbaok oroitu du Leioako Euskal Kirol Zaleak elkartearen ibilbidea. 1976tik hona "lan zaila" egin dutela dio, "Errusian katekesi-liburuak saltzea legez". Oro har, bertako jendeak herri-kirolak ulertzen ez dituela uste du, "pertsona batek 300 kilo zelan altxa ditzakeen konprenitzen ez" duen moduan. Harro agertu da Leioan egiten delako Munduan dauden idi-proben emakume-sariketa bietako bat. Bestea Lazkao aldean antolatzen da. Halere triste iruditzen zaio Bilbaori "emakumeek baserrietan hainbeste lan egin izan ostean herri-kiroletan hain presentzia eskasa izatea". Gainera, ohartarazi duenez, emakume-sariketak Ondizko probalekua bete izan du aurreko edizioetan, baina publiko gehiena "etorritakoa" dela, "ez bertokoa". Horregatik, goizean bazkaltzen geratuko direnei gonbita egin die, arrastian probalekura hurbildu eta proba ezagun dezaten.

Bilbaoren ustean, "herri-kirolak ez daude unerik onenean", baina gizon-, emakume-, zein abere-probak bultzatzen jarraituko dute. Oro har, beste kiroletan antzera gertatzen delakoan dago: "San Mamesen kenduta, beste kirol-guneak ez dira betetzen. Kirol denetan dago krisia, eskaintza zabala da". Euren esparruan, gainera, bestelako oztopo batzuk daude bere ustez: "Herri-kirolak gogorrak dira eta gehienak norbanakoak. Japoniar batzuk etorri ziren, Goiherrira grabatzera eta asko harritu ziren, gure kiroletan giza-kontakturik ez dagoelako. Denbora eta pisuaren aurka borrokatzen dugu hemen, arerioa ukitu barik. Kontaktua dagoen bestelako kiroletan giroa ezberdinagoa da".

Azkenik, Jose Manuel Elgezabal Leioa eta Lamiakoko Caritasen arduradunak eskertu du kirol-zaleen babesa. Aitortu duenez, 35 urte daroatza Caritasen buru, eta garai honetan behar handia dagoela dio: "Krisiaren eraginez, orain jendeak dirua behar du". Eta, esandakoaren arabera, "guk elizan ematen digutena dugu". Horregatik, aparteko gertaerek duten garrantzia nabarmendu du. Gogora ekarri duenez, pasa diren Gabonetan, 4.000 euro baino gehiago bildu zituzten Mari Pepa eta Arloteren katiluei esker, "12 familiaren hiru hilabeteko oinarrizko gastuetarako haina". Elgezabalek azaldu duenez, Leioan Caritaseko lau guneek 112 familia lagundu zituzten iaz. Esandakoaren arabera, Udal Gizarte Zerbitzuakaz elkarlanean dihardute eta laguntza nori eman aztertzen dute, batzuek behar izan arren ez dutelako eskatzen.

Idi-proben kartela

Idi-proben kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun