Dokumentu honen helburua indarkeria-matxistari aurre egin behar dioten emakumeenganako arreta, laguntza eta koordinazioaren kalitatea hobetzea da, agintari leioaztarrek azpimarratu dutenez. Hori egiteko prozesua Leioako Udaleko batzar-aretoan amaitu da; inplikatutako hiru erakundeek (Leioako Udala, Ertzaintza eta Osakidetza) bertan sinatu dute agiria.
"Dokumentu honen izenpetzea, Udaleko Berdintasun Arlotik bultzatu dena, 2007 urtean Udalbatzak onartu zuenarekiko hobekuntza kuantitatiboa eta kualitatiboa suposatzen du, eta arreta azkar, koordinatua eta eraginkorra eman nahi die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei. Hau guztia, ahaztu barik protokolo honen asmoa adingabeen zaintza eta interesak babestea ere badela, kasu guztietan indarkeria matxista horren biktima zuzenak diren aldetik", azaldu dute udal arduradunek.
Udalez gaindiko erakundeez gainera –Ertzaintza eta Osakidetza—, maila lokalean, Berdintasun Arloagaz batera, Hezkuntza Arloa eta Udaltzaingoa ere inplikatu dira prozesu honetan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte-laguntza eragile bezala aitortzen duen Andrak elkartearen esku hartze aktiboa nabarmendu dute agintari leioaztarrek. Alkateaz, Erandioko ertzain-buruaz eta Osakidetzako Uribe Kostako arduradunaz aparte, Juan Carlos Martinez Llamazares Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Enara Diez Berdintasuneko zinegotziak, Joxe Belmonte Hezkuntza teknikariak, Aitziber Saratxaga Leioako Gizarte-laguntzaileak, Ricardo Egiguren udaltzain-buruak, Jone Gurrea Berdintasun teknikariak eta Ana Cespedes Andrak elkartearen ordezkariak parte hartu zuten sinatze-ekitaldian.