Apirila dantza bihurtu da Kultur Leioan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 6a, 13:02

"Barbecho" antzezlana. © NATXO MONTERO

Apirilean zehar Kultur Leioak programazio interesgarria eskainiko du dantzaren inguruan. Hasteko, bariku honetan, apirilak 8, "Barbecho" ikuskizuna eskainiko du Natxo Monteroren dantza-konpainiak. Saioa 20:30ean izango da; sarrerak 10 euroan daude salgai.

Dantza-garaikidea eta familia osoarentzat, argazki-erakusketa interesgarri bat mugimenduaren bidez espazioak sortzeari buruz, berbaldiak, proiekzioak, ikuskizun laburrak… eta Dantzaren Egunaren ospakizun berezian "flashmob"-a eta Andoni Aresti Dantza Eskolaren "Dantzaria" ikuskizuna egongo dira. Gauzak horrela, apirilaren 22an, Igor Calongek zuzentzen duen Cielo Raso konpainiaren txanda izango da, "Tormenta" ikuskizunagaz.

Apirilaren 24an, familientzakoa izango da ikuskizuna: Entremans galiziar konpainiak "Xoga" eskainiko du, ikus-entzunezko lan didaktiko bat 3 urtetik gorako haurrentzat. Apirilaren 29an, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Leioan, "Dantzaria" ikuskizunagaz; flamenkoa eta euskal dantzak uztartzen ditu Andoni Aresti Dantza Eskolaren lanak.

Gainera, hilabete osoan zehar, zehatz-mehatz, apirilaren 7tik maiatzaren 8ra arte, Elias Agirre artistaren "IMBERMOVES Espazioen konkista mugimenduaren bidez" argazki-erakusketa ikusi ahal izango da Kultur Leioan. Esan bezala, esposizioa bihar inauguratuko dute 20:00etan; ekitaldian, Elias Aguirrek "Flightless" lanaren zati bat interpretatuko du, eta ondoren, bere eskutik erakusketako lan guztien zehetasunak ezagutzeko aukera egongo da. Barikuan, berriz, erakusketa gela berean, bere proiektuari buruzko berbaldi-proiekzioa emango du artistak, 19:00etan.

"IMBERMOVES Espazioen konkista mugimenduaren bidez" autorretratu proiektua da. Bidaietan zehar, modu iragankorrean hiri-arkitekturak bilatu eta argazkia egiten die Agirrek, baita altxor naturalei eta gorputza harreman sinbiotikoa izatera gonbidatzen duten lekuei ere. "Espazio aldakor eta gorputz geldigaitzaren arteko solasaldiak, beraietan esku hartzean, esanahi berriak hartzen dituzten lekuak konkistatzeko borroka islatzen du, non arriskua inplizitua den", dio artistak. Bost kontinentetan zehar hainbat kokapen dira protagonista "konkista" honetan; horietako batzuk ezkutatuak daude Espainia, Italia, Senegal, Ekuatore Ginea, Frantzia, Filipinak, Vietnam, Txina, Zeelanda Berria edota Australia bezalako herrialdeetan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun