Peru Vidalek irabazi du Berrizen Udabarriko Faseko lehenengo saioa

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 11a, 11:39

Berrizko saioa, Peru Vidal kantuan © BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA

Atzo, domeka, hasi zen aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Berrizko kultur etxean; Udabarriko Faseko lehenengo saioko irabazlea Peru Vidal Gurrutxaga leioaztarra izan zen, 178,25 puntugaz. Leioan bizi den Mikel Galartza Idirin, ordea, bosgarren geratu zen, 146,25 puntugaz. Besteak beste, eskualdeko 15 bertsolarik parte hartuko dute eta saio bana egongo da Astrabuduan (apirilak 23) eta Algortan (maiatzak 22).

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarriko Fasearen bigarren saioa domekan, apirilak 17, izango da, Bermeo Kafe Antzokian, 18:00etan. Besteak beste, Dani de Miguel Avecilla algortarrak kantatuko du horretan.

Faseak eta sailkatzea

Udabarriko Fasea Bizkaiko Txapelketaren lehenengo fasea izango da eta lurralde osoko bertsolariek hartuko dute parte. 2016ko apirilean eta maiatzean jokatuko dira saioak. 56 bertsolarik parte-hartuko dute, eta 9 saio jokatuko dira: 6 bertsolariko 8 saio, eta 8 bertsolariko saio bat. Udabarriko Faseko bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira Udagoieneko Fasera.

Udagoieneko Faseari dagokionez, kanporaketetan, 30 bertsolari arituko dira lehian. 6 bertsolariz osatutako 5 kanporaketa egingo dira. Kanporaketa bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. Aurreragoko Bizkaiko Txapelketaren batean finalista izan direnek, kanporaketa-fasean sartzeko eskubidea daukate; egoera horretan dago Xabi Paya, gura izanez gero hemendik abia daitekeena.

Finalaurrekoak berbagai, 18 bertsolari lehiatuko dira fase horretan. 6 bertsolariz osatutako 3 finalaurreko egingo dira. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. 2014ko Bizkaiko Txapelketako finalistek 2016ko Txapelketaren finalaurreko fasean sartzeko eskubidea daukate. Urte horretan Fredi Paiak jantzi zuen txapela, eta hori-dela eta zuzeneko txartela dauka, erabili gura izanez gero. Kasu berean dago Jone Uria algortarra, orain dela urte bi Bizkaiko bosgarren geratu baitzen.

Azkenik, finalean, 8 bertsolari lehiatuko dira. Alde batetik, finalaurreko bakoitzeko 3 irabazleak, eta bestetik, gainontzeko 5ak, puntuazioz sailkatuko direnak.

Hurrengo saioak eta eskualdeko ordezkariak

Apirilak 17, domeka

  • 18:00 Bermeoko Kafe Antzokia.

- Daniel de Miguel Avecilla (Algorta)

Apirilak 23, zapatua

  • 17:30 Astrabuduko Josu Murueta kultur etxea.

- Arrate Illaro Etxebarria (Getxo)

- Paule Ixiar Loizaga Legarra (Sopela)

- Aitor Esteban Etxebarria (Urduliz)

Apirilak 24, domeka

  • 17:30 Ondarroako Beikozini aretoa.

Ez da egongo eskualdeko ordezkaririk.

Apirilak 30, zapatua

  • 17:30 Derioko Gurea aretoa.

- Beñat VIdal Gurrutxaga (Leioa)

- Imanol Uria Albizuri (Algorta)

- Itxaso Paia Ruiz (Algorta)

Maiatzak 7, zapatua

  • 17:30 Gueñesko Sodupeko kultur etxea.

- Josu Landeta Egurrola (Getxo)

- Peio Arondo Barandiaran (Algorta)

Maiatzak 8, domeka

  • 17:30 Orozkoko Donibane aretoa.

- Ekaitz Larrazabal Gutierrez "Katxo" (Algorta)

- Joanes Igeregi Santa Maria (Sopela)

Maiatzak 15, domeka

  • 17:30 Arrigorriagako Lonbo aretoa.

- Galder Bilbao Martinez "Txapi" (Leioa)

- Unai Mendiguren Valor (Algorta)

Maiatzak 22, domeka

  • 17:30 Algortako Fadura kiroldegia.

- Inazio Vidal Gurrutxaga (Leioa)

Orain arteko sailkapena

  • Peru Vidal Gurrutxaga 178,25
  • Aitor Bizkarra Ruiz 176,75
  • Beñat Romero Maguregi 163
  • Lander Ibarluzea Bikandi 'Aitxulua' 159,5
  • Mikel Galartza Idirin 146,25
  • Iñaki Lersundi Arrizabalaga 130
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun