Profesionalentzako izen-emateko epea zabaldu du Umore Azokak

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 11a, 11:48

© UMORE AZOKA

Profesionalek izena eman eta akreditazioa emateko epea zabaldu du aurten ere Umore Azokak. Apirilaren 29a arte egongo da zabalik, eta azokaren web orriaren bidez egin daiteke eskaera. Maiatzaren 19tik 22ra izango da Leioako kale-artisten azoka.

"Umore Azokaren izaera komertziala gero eta sendoagoa da, eta horren lekuko dira iaz Leioan elkartutako ehun programatzaile, profesional eta banatzaileak. Izan ere, hori da azokaren helburu nagusienetako bat: kale arteen merkatua garatzen eta indartzen laguntzea", azaldu dute antolatzaileek.

Bestalde, azokaren programazioa zinez da erakargarria; 50 konpainia (19 Euskal Herrikoak, 19 estatukoak, eta 12 atzerrikoak) hautatu ditu zuzendaritzak 424 hautagaien artean, eta ikuskizun asko erabateko estreinaldiak izango dira.

Horrez gainera, II. Euskadi-Akitania Topaketa egingo da lehen aldiz Leioan. Akitania-Euskadi euroeskualdeak, Iparraldeko EKE Euskal Kultur Erakundeak, eta Etxepare Institutuak bultzatutako ekimena da. Eta noski, beste behin ere Euskal Antzoki Sareak biltzar orokorra egingo du bertan; eta profesionalentzako Arteleku espazioa atonduko du Umore Azokak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun